Datorren maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan, Azkoitiko Azkoitia Bai Elkarrekinen alkategaia izango da Jose Joakin Etxaniz.
1. EAJ-PNV eta EH Bilduk 7 eta 7 zinegotzi ateraz gero eta Azkoitia BAIk 2, ze talde babestuko zenuke alkatetza lortzeko?
Aitor
Kaixo, Aitor
Zure galderari erantzunez, gu ez gara beste taldeekin fidatzen, goitik dituzten aginduei erreparatzen dietelako, eta haiek hartzen dituztenak ez direlako beti azkoitiarrontzat erabakirik onenak izaten. Datorren agintaldian gure programa babestea izango da gure eginkizun garrantzitsuena, herritarrek herrirako egina baita. Hori horrela, adostasunak lortzen saiatuko gara gai bakoitzari dagokionean, ez orokorrean.
Ondo izan eta eskerrik asko
2. iraurgi gizon-eko bazkideak gea ni elbarria naiz 65 MINUSBALIA ezkerra ta bere sendia olatz etxaniz lesaka semie gurpilk eserleku, armailetara juteko esaten digu kiroldegiko arduradunak. Eztao eskubiderik 3 partidu ikusi gabe, izan erre, "kota zero"n kiroldegi areto fuoleko ezker ate berdie dao bertatik jungo giñakete, ni bere atzetik. ELBARRITUOI ESKUBIDEAK DAUZKAGULE DIOTE, BAÑAN, KAKA ZAARRA, ITZ POLITTEK!
GALDERA AU ALDERDIKO ALKATEGAIEI DENEI DAGOKIE!
asier
Kaixo, Asier
Egia esan ez dugu ulertzen non dagoen arazoa. Kota zerotik sarrera baldin badago eta igogailua ere badagoela jakinda, ez luke arazorik egon behar.
Eskerrik asko
3. Azkoitia Bai izan da orain arte zuen ‘marka’. Gaur konturatu naiz ‘Azkoitia Bai Elkarrekin’ dela egungo izena, eta horrek Elkarrekin Podemosek darabilen izenera eta proiektura narama. Zer dute Azkoitia Bai-k eta Elkarrekin Podemosek komunean? Adibide konkretuago batera joanda: gaur irakurri dugu Berrian ElkPod-en Diputatu Nagusigaiak (Miren Echevestek) esandakoa: “Ez da demokratikoa euskara titulurik ez dutenak -administrazioan- lanik gabe geratzea”. Zer deritzozu?
Irene
Kaixo, Irene
2019ko hauteskundeetan Azkoitia Bai izenarekin aurkezten utzi ziguten, baina erabaki hori hauteskunde batzorde zentralaren esku dago, eta aurten Azkoitia Bai izenaren atzetik zerbait jartzera behartu gaituzte. Politikoki ez dugu inongo harremanik Elkarrekin Podemosekin; lau urtean biltzen gara Elkarrekin Podemos koalizioko arduradunekin, hamabost egunean 500 sinadura biltzera behartzen gaituztelako bestela. Hauteskunde garaian guretzat gehiegizko lana litzateke 500 sinadura biltzea. Gure jarduna plataforma sortu zenetik gaur egunera arte berdina izaten jarraitzen du. Miren Echevestek esandakoak, berriz, ez ditut jarraitzen.
Eskerrik asko.
4. Herriko gazte asanbladie gaztetxe eske ai da. Zein izengo da zuen erantzune udal gobernuen sartze bazeate?
Jokin
Kaixo, Jokin
Sinadura bilketa egiten ari ziren garaian esan genien bildu beharra genuela. Jaso dugun informazioaren arabera, Matadeixen badago horretarako gunea, baina ez dakigu han arazoren bat egon den edo ez, eta uste dut hori argitu beharko litzatekeela aurrena. Behin hori jakinda, ondoren aztertuko genuke beste lokalen bat beharko zenuketen edo ez.
Eskerrik asko
5. Zuen botue eztezutela salduko esatezutenin, zer esan nahi dezute, eztezutela beste alderdirik babestuko eta bakarrik gobernau berkoula gobernau behar dunak? Gai honek azalpen sakonagoa behar dula uste det. Milesker
Marta
Kaixo, Marta
Guk ez diogu beste alderdi bati gure botoa emango Udal Gobernuko liberazio baten truke. Ez gara fidatzen beste alderdiekin, horiek ez baitituzte herrirako erabakiak herrian hartzen. Beraz, ez genuke jakingo benetan alderdi horietako batekin lortutako balizko akordioak herri mailan hartutakoak liratekeen edo alderdien egituretatik hartutakoak. Hori horrela, gai bakoitza sakontasunez eta herrian bertan aztertzea da guk nahi duguna. Guztiaz hitz egin behar da, baina gaur egun ez gaude gure herrian erabakiak hartzen ez dituztenekin agintaldi akordio bat lortzeko prest.
Eskerrik asko
6. Alde Zaharra oinezkuentzat biderauko al dezute? Eta hala baldima, zein da zuen proposamena?
Ainhoa
Kaixo, Ainhoa
Gaztaneneako parke estalia obretan zegoen unean, haren alboko errepidea itxita egon zen, eta hasiera batean, ez zuen arazo handirik sortu. Gu errepidea itxita mantentzearen alde agertu ginen; izan ere, gure asmoa da pixkanaka-pixkanaka herria oinezkoentzat bideratzea. Alde Zaharra oinezkoentzat bihurtzeko, gure proposamena da Martirieta auzora doan errepidea saihesbidearekin lotzea, herrigunetik trafikoa ahalik eta gehien murrizteko.
Eskerrik asko
7. Herrian dagoen aparkalekuen arazoari erantzuteko zer proposamen duzue?
Iraitz
Kaixo, Iraitz
Aurreko erantzunari lotuta, beste sarrera-irteera bat proposatzen dugu saihesbidera. Horrek herrigunean trafikoa murriztuko luke eta bi norabideko errepideak norabide bate bihurtzera eramango gintuzke, errepide zati horietan aparkaleku berriak sortuz.
Eskerrik asko
8. Oraindik botoa erabaki gabe daukat, baina argi daukat Azkoitiak aldaketa behar handia duela. Horretarako bi aukera daude: EH Bildu eta Azkoitia Bai, eta hortaz, botoa eman aurretik jakin nahi dut aukera izanez gero zuen botoak batuko dituzuen EH Bildurekin gobernu berri bat izateko Azkoitian.
Borja
Kaixo, Borja
Aurretik erantzun diot galdera honi. Dena den, alderdi guztiekin hitz egiteko prest gaude. Azken lau urte hauetan nahikoa eztabaida izan dugu EAJrekin eta EH Bildurekin. Beraz, beharbada, posible da gai batean alderdi batekin akordiora iristea, eta beste gai batean, bestearekin. Halere, gure lehentasuna da Azkoitiarentzat onura gehien ekarriko lukeen proposamena adostea.
Eskerrik asko
9. Ahal Dugu Podemosekin izan zenituzten harremanak zertan geratu dira?
Mikel
Kaixo, Mikel
Galdera honi aurrez erantzun diot. Gure harreman bakarra lau urtean behin izaten da haiekin, eta hauteskundeetara begira 500 sinadura hamabost egunean ez biltzeko elkartzen gara soilik haiekin, soilik horri buruz hitz egiteko.
Eskerrik asko
10. Azken hauteskundeetan beherakada nabarmena izan zenuten, eta ia ordezkaririk gabe geratu zineten. Zergatik uste duzu ez duzuela lortzen herritarren babes zabalagoa izatea?
Borja
Kaixo, Borja
2015-2019 agintaldian ere lan asko egin genuen, baina ez genien kaleratzen egindako lana herritarrei. 2019-2023 agintaldian saiakera handia egin dugu horretan, eta ea bere fruituak ematen dituen.
Eskerrik asko
11. Partaidetzaren aldarrikapena oso salgarria da, baina "populismotik" harago, nola zehazten duzue? Egituratuta duzue? Definituta duzue nola, noiz, nork, zertarako, norekin.... gauzatuko litzateken partaidetza hori.
Xabier
Kaixo, Xabier
Udalak herritarren esanetara egon behar du, hori garbi dugu, eta ez alderantziz. Guk beti eman izan diegu herriko taldeei berebiziko garrantzia eta beraien esanetara egon izan gara eta hala egongo gara aurrerantzean ere, ahal den heinean egiten dituzten eskaerei erantzuteko. Udal batzorde guztiak irekiak izatea proposatzen dugu. Halaber, aurrekontuen zati bati ere parte hartzaileak izatea babesten dugu, beti babestu izan dugun bezala. Udal komunikazioa zeharo aldatuko genuke, Udal Gobernuaren propaganda izatetik herritarren komunikaziorako bat-bateko tresna izan dadin.
Eskerrik asko
12. Zenbat diru gastatu du zure alderdiak propaganda egiten hauteskunde hauetan?
Nondik etortzen da diru hori?
Zenbat eta zerren arabera berreskuratzen da?
Javier Beristain
Kaixo, Javier
Gure plataformak 4.000 euro baino gehiago gastatu ditu hauteskunde hauei begira, eta diru hori gure poltsikotik jarri dugu. Gainera, itxura guztien arabera, 600 euro berreskuratuko ditugu.
Eskerrik asko
13. Gure attitte eta amaman azken urteak nola liteke enpresa pribatu baten esku lagatzea. Enpresa hauen objetivo bakarra, jakinda dirua ateratzea dela.. Zer egingo zenuke?
Zaintzaile Nekatua
Kaixo,
Azken bi udal aurrekontuetan, egoitzako kudeaketa kontrolatzeko partida bat jarri nahi izan dugu, baina beste alderdiek ez dute babestu. Arrazoi osoa duzu esaten duzu guztian. Azken urteetan sekulako kexak jaso ditugu egoitzaren bueltan. Eraikinari irtenbidea ematen hasi badira ere, zuk esan duzun enpresa horri ezin diote eskurik sartu, agintzen dutenekin lerrokatuta baitaude enpresa hori zuzentzen dutenak. Guk goiko egituren agindurik ez dugunez, egoitza zorrotzago kontrolatzeko ez genuke arazorik izango.
Eskerrik asko
14. Kaixo Jose Joakin! Ze iruitze zatzu Asier Altuna ETAko 44 famosun tartin eotie eta bere hautagaitza mantendu izana?
Joxemai zabala
Kaixo, Joxemai
Egungo legediaren arabera, norbaitek legea urratzen badu bere zigorra jasotzen du. Asier Altunak jaso zuen bere zigorra. Espetxeak eta horrelako egiturak pertsonak gizarteratzeko dira, eta ez baztertzeko. Badirudi, batzuetan gorrototik hitz egiten dugula, eta nire iritziz, horrela ezin dira erabaki onak hartu.
Eskerrik asko
15. Altzibar auzoa abandonaturik dago, espaloiak egoera oso txarrean, Altzibar Plazako lurra tamalgarri, plaza atzeko errepidea ere oso gaizki... Zer proposatzen duzu Altzibar hobetzeko?
Julian
Kaixo, Julian
Espaloien gaia baten baino gehiagotan aipatu dut udaletxean. Erabiltzen ez diren garajeen sarrera-irteeretako espaloiak edo guneak arriskutsuak suertatzen dira adineko pertsonentzat, eta behin baino gehiagotan eskatu dut horiek konpontzea. Jakitun naiz oso egoera txarrean dagoela. Herriko beste puntu guztiei bezalako garrantzia eman behar genioke Altzibarri ere, eta ahalik eta lasterren konpondu han dauden arazoak.
Eskerrik asko
16. Kaixo, Joaquín
Zuen programa irakurri ondoren festetako eta kulturaren inguruan ( kontzertuak, antzerkiak, etab) zehatzago dituzuen ekarpenak jakitea nahiko nuke. Eskerrik asko.
Aguayar
Kaixo, Aguayar
Gaur egun ditugun ekintzak mantendu nahi ditugu: Pilotari Eguna, Holz Und Blech, Beltzen Eguna, Trikiti Eguna, karnabalak, sanandresak, andramaixek... Ospatu izan diren eta arrakasta handia jaso dutenak berreskuratzea da gure nahia, esaterako, Herrikoloreak egitasmoa. Gainera, proposatu genuen Elkarguneko Herriko Plazan edo hango areto nagusian kafe antzokia egitea. 2015-2019 agintaldirako guk guztia lotuta genuen Danbaka (musika talde berrientzako lehiaketa) Azkoitian ospatu zedin, baina Udal Gobernuak ez zuen inolako laguntzarik eman. Azkoitia beti izan da jantzia musikaren arloan, eta horri jarraipena emateko, herriko taldeen kontzertuak bultzatuko genituzke. Era berean, musika estilo desberdinen egunak proposatzen ditugu, hala nola bluesaren eguna, pop-rockaren eguna... Guatekea herri mailan egitea ere egokia dela iruditzen zaigu.
Eskerrik asko
17. Kaixo, Joaquín
Kulturaren eta festen inguruan dituzuen neurri zehatzak jakin nahiko nituzke. Eskerrik asko.
Nietzsche
Kaixo, Nietzsche
Aurreko galderan erantzun dut kultur arlorako ditugun proposamenak zein diren. Halere, jakin urte askoren ondoren lortu dugula Kultur sariak lehen aldiz banatzea. Pasa den urtean beste ekarpen bat egin genuen, kultur inkestarena. Inkesta horiek jaso egin dira, baina gutxi erantzun dira han jasotako eskakizunak. Gure esku balego, hurrengo agintaldian kultur taldeekin bildu eta banan bana emango genieke erantzuna. Sormen bekak banatzea ere agintaldi bakoitzean eskatzen dugu, baina ez dugu baiezkorik jasotzen.
Eskerrik asko
18. Kaixo, Joaquín
Ilobak ingenieritza ikasketak hasi behar ditu Arrasaten eta ikasketak urteko 8.000 euro inguru izanik, bertan gelditzea pentsatzen ari da garraiorako aukerarik ez baitu ikusten. Pentsa urtero zer ordaindu beharko duten bertan gelditzen bada....ikasgunetara joateko garraioaren inguruan baduzue egitasmorik?
Nietzsche
Kaixo, Nietzsche
Iraurgi Berritzenek jakinarazi zigun bailarara begirako hausnarketa bat abiatzekoa zela, eta han egin genuen zuk eskatutako proposamen hau. 2023an ez du zentzurik gure herriko gazteek unibertsitaterako bidea autoz egiteak, eta bailarako herri guztien artean arazo horri irtenbidea eman behar genioke. Dena den, zerbait mugitzen hasita daudela dirudi; izan ere, Udal Gobernuak egindako azken adierazpenetako batean azaldu zuen horretarako borondatea badutela. Nahiz eta ez dirudien horrela, gure eskaerak ere hartzen dituzte aintzat noizean behin.
Eskerrik asko
19. Udalak egiten dituen plenoetan hainbat eztabaida izan dituzue alderdiek, Maxixatzenen irakurtzen dudanez. Zein gaik urruntzen zaitu gehien beste alderdiengandik? Nolakoa da beste alderdiekin duzun hartu emana?
Lourdes
Kaixo, Lourdes
Egoitzaren kudeaketak eta Oletako zentral eolikoak urruntzen gaitu gehien beste alderdiengandik. Egoitzan zaintzaren kontrola ziurtatzeko pertsona bat kontratatzea nahi izan dugu. Oletan, berriz, iruditzen zait guk dugula garbi erabakia; gu gara han haize errotak nahi ez dituen bakarrak. Beste alderdiek zalantzak dituzte ereduen arabera. Batzuei balio die Azpeitiko ereduak, baina ez Azkoitikoak. Gu ez gaude mendiak saltzeko prest. Etorkizunera begira, mendiak bere horretan mantentzeak eolikoek emango liguketen onura baino handiagoa izango da. Energia berriztagarrien alde gaude, ez izan zalantzarik, baina ez mendiak hondatzearen truke. Mendietan horrelako txikizioak egin aurretik, badira herrian industrializatutako gune asko, eta gure iritziz gune horietan hasi beharko genuke berehala instalazioak jartzen.
Beste alderdiekin dudan hartu emanari dagokionez, ez ditugu bateratu behar arlo pertsonala eta politikoa. Politikoki nahikoa aldenduta gaude gainerako udal taldeekin.
Eskerrik asko
20. Bi agintaldi oso bete dituzu udalean. Azkenaldian ez da asko hitz egiten Azkoitia Lantzenen kontuez. Zein da egun bere egoera ekonomikoa?
Joxe
Kaixo, Joxe
Pasa den abenduan 750.000 euro jarri genituen sozietate anonimo horren arazoak zuzentzeko. Urtero 100.000 euro inguru jartzen ditugu Azkoitia Lantzenentzat Oñederren egon zen zabortegiaren lixibiatuak tratatzeko. Erabaki horiek hartu zituztenak dira oraindik Udal Gobernuan agintzen dutenak. Oraindik orduan hartutako erabaki haien oinordetza ari gara pairatzen eta aurrekontuetan eragin handia dute. 1.500.000 euro jarri ditugu aurten Txalonerrekako bidea egiteko. Parte hartze prozesuan ez du inork halakorik eskatu, baina erabaki haiengatik behartuta gaude diru kopuru hori sozietate horretara bideratzera. Bestalde, Intsausti eremuan ere arazoak ditugu kutsadurari dagokionez, eta beharrezkoa da lehenbailehen irtenbide egoki bat ematea. Udalak hango beste lur jabeei eskatzen die kutsatutako beraien lurrak garbitzeko, baina udalak azken hamabost urtean bere horretan ditu bere lurrak, garbitu gabe. Altamiran ere etxebizitzak egiteko proposamena jaso du udalak, baina ezin die aurre egin han dituen betebeharrei; izan ere, aurretik Batxilergoaren eraikina behera jaitsi beharko lukete. Eta horrela da guztia, bata bestearen atzetik.
Eskerrik asko
21. Beti esan izan duzue herritarren parte hartzea beharrezkoa dela politikan. Datorren agintaldian herri galdeketarik bultzatzeko konpromisorik hartzen al duzue?
Joseba
Kaixo, Joseba
Bai. Adibidez, San Martingo Luzianoren okindegiaren eraikina udalarena da, eta guri burura datorkigu han parke berde bat egitea. Hori proposamen bat besterik ez da, ordea; izan ere, han zer egin herriak erabaki behar luke. Herriarengan garrantzia duten proiektu estrategiko guztietan horrela jokatzea da gure asmoa. Aurrekontu parte hartzaileak urtero eskatzen ditugu udalean, baina sekula ez digute kasurik egiten.
Eskerrik asko
22. Zer dute komunean Azkoitia Baik eta Elkarrekinek? Zergatik Azkoitia Baik ez zuen herritarren sinadura bilketa abiatu datozen hauteskundeetara Elkarrekinekin batera aurkez ez dadin?
Maje
Kaixo, Maje
Aurretik ere argitu dut zergatia. Sinadura bilketa egiteko, behartuta gaude hauteskunde garaian eta zehazki hamabost egunean 500 sinadura biltzera. Gainerako alderdi politikoek ez dute horrelako betebeharrik. Badirudi, herri plataformei zailtasunak jartzea dela helburua. Hurrengo hauteskundeetara begira, berriro hausnartuko dugu nola aurkeztu, baina garbi dagoena da gure plataformak azken 24 urteetan jokatu duen bezala jokatuko duela.
Eskerrik asko
23. Udal hauteskundeak eta gero zuek izango omen zarete giltza. Zer eskatzen diezu beste alderdiei zuen babesa izan dezaten? Baldintza zehatzik bai?
Urrategi
Kaixo, Urrategi
Gure baldintza bakarra da gure herrira begirako erabaki onenak hartzea, baina ezin dutenez hori aurretik ziurtatu, erabaki bakoitza bere unean hartu beharko dugu.
Eskerrik akso
24. Axkottin Gaztetxe berra daola ikusi da azken urtetan; herrixen espazixo huts asko daude, udalak bere jabegun dauzkenak barne... Gauzek hola, ze iritzi daukeuzte arazo honen ingurun, udalin ze hitzein da eta azkenik, ze ingouzte honen aurrin?
Mikel
Kaixo, Mikel
Udalean aipamen bakarra egin da gaztetxeaz, eta hori izan da gaztetxe eskaera dagoela aipatzeko. Aurreko galdera batean eman dut gaztetxeari buruzko erantzun bat, nahi baduzu. Gazte asanblada sinadurak biltzen ari zen garaian neuk esan nien sinatuko niela, baina aurrez hitz egin beharra genuela kontu horri buruz. Gure taldeak uste du Matadeixen badagoela horretarako gune bat, baina ez dakigu han beste arazorik ba al dagoen edo ez.
Eskerrik asko
25. Eguerdion, Axkottiko Gazte Asanbladatik idazte deu. Azkeneko urtebetin gure jardune Gaztetxe bat eskuratzea beire biderau deu herrixen, asterokotasunin aixialdixe ta eduki politikue lantzie bermatziez gain. Oñarte udaletxin alkatetzan daon PNVkin eongea ber honi aterabide bat eman naxen, baino argi ikustea eztaola inongo zintzotasunik ta borondate politikoik honi irtenbide bat eman ahal izeteko ta Axkottiarrok ber ta nahi deun azpiegitura hau euki ahal izeteko, horreatik ganontzeko alderdixek ze postura daukeuzten nahiko genuke jakin.
Azkoitiko Gazte Asanblada
Kaixo, gazte asanbladako kideok
Gure ustez gaur egun badago herrian zuen eskariari erantzuten dion eraikin bat: Matadeixe. Jakitun naiz han ibili zaretela kontu honekin, baina ez dakit arazoren bat izan duzuen edo bestelako arrazoiren bat dagoen gaztetxea eskatzeko. Aurrez esan bezala eta zuei adierazi bezala, behar beharrezkoa ikusten dut zuekin biltzea eta gaiaz hitz egitea.
Eskerrik asko.
26. Barkatu. Oraintxe iksui dut erantzunda geratu dela beste galdera batean.
Aitor
Kaixo, Aitor
Zuk esan bezala, aurrez argitu dut Azkoitia Bai eta Elkarrekinen arteko kontua zertan den.
Eskerrik asko
27. Datozen urteetan energia fosilak erabiltzeko zailtasunak batetik (gutxi daude eta gainera ez daude gure esku) eta klima larrialdiari aurre egiteko beharrezkoa izango den kontsumo murrizketa bestetik, zein dira dituzuen proposamenak? erronka hau ere Azkoitian azkoitiarrok azkoitiarrentzat bakarrik landu dezakegula defenditzen duzue?
Eskerrik asko
Igone
Kaixo, Igone
Energia fosilak gutxitzen doazen heinean eta zientzialarien arabera kontsumo murrizketa bai ala bai beharrezkoa izango denez, bakoitzak bere herri edo bailaran dituen baliabideak aztertu beharko ditu. Ez du inolako zentzurik hemen Almeriako marrubiak jateak. Ekonomia zirkularra guztion ahotan dabil, beraz, gure inguruan sortu beharko dugu gure herrirako behar duguna. Lurrak beharko ditugu gure elikadura subiranotasuna lortzeko, baina ez gara hasi mendiak txikitzen. Lehen ditugun gune industrializatuetan haize errotak jartzen eta herri eraikinetako teilatuetan eguzki plakak jartzen hasi beharko genuke.
Eskerrik asko
28. Herrian entzuten da zuek 2 zinegotzi atera ahal ditzakezuela, besteak beste, eolikoen gaiagatik eta EHBilduko zerrendarekin sortu den liskarragatik. Zuek zer aurreikusten duzue? Inkestarik eskura baduzue?
Maialen
Kaixo, Maialen
Inkestak egiten dituztenen ahotik iritsi zaigu aurten botoetan zalantzarik gabe gora egingo dugula. Herrian ere ilusioa sortu dugula dirudi, bi zinegotzi edo beharbada hiru lortu genitzakeela esaten ari zaizkigu eta. Dena den, herritarrek eman beharko dute hitza.
Eskerrik asko
29. Kaixo José Joakinn,
Irakurri det ez dezutela akordiorik egingo beste alderdiekin, beraz konklusio batera iritsi naiz. Herrian aldaketa nahi dugunok, Azkoitia Bairi bozkatzen badiogu, bozka hoiek ezerezean geratuko direla ezta?
Patxi
Kaixo, Patxi
Aldaketa gure plataformak bakarrik ziurtatzen du, gu garelako soilik herrian lan egin eta herrian erabakiak hartzen dituena. Erabakiorrak izango bagina, orduan gauzatuko da herriak behar duen aldaketa.
Eskerrik asko
30. Atsaldeon Toke,
Egoitzaren gaiari lotuta diozu beste alderdiek egitura dutenez atzetik, zuek zaretela egoitzaren kontrol zehatza eman dezakezuenak.Nik dakidanez, eta ez bada horrela zuzeknduko didazu egoitzen konpetentzia diputazioarena da.beraz arazoren bat balego egoitzarekin, gipuzkoako batzerretara jo beharko da.Zuen alderdiak ez duenez errepresentaziorik bertan, beste alderdietara jo beharko zenuke.Eta egin izan dezue.Nola bideraruko zenituzke, garraio publikoa, egoitza, errepideak... ?
Javier
Kaixo, Javier
Azpeitian eskandalua izan dute Corrugadosi buruz Alkorta alkateak eta Jaurlaritzako Tapia andereak, biak alderdi desberdinetakoak. Halere, hango udalak eta aldundiak akordioa lortu dute bost solairuko apartamentu tutelatuen eraikina egiteko. Beraz, ez dakit zenbaterainoko garrantzia duen gure plataformak aldundian ordezkaritzarik ez izateak.
Aipatzen dituzun gaien inguruan esan, Gipuzkoako beste udalek jokatzen duten bezala jokatuko dugula. Herriaren babesa izanez gero atzetik, erakunde horietan presioa egiteko aukera gehiago izango dugu.
Eskerrik asko
31. "Gu gara han (Oletan) haize errotak nahi ez dituen bakarrak" diozu, baina oker ez banago aurreko astean 3 hautagairen arteko debatean argi geratu ziren posizioak. Zergatik ez zara mugatzen zuen posizioa argitzera, besteek esandakoak interpretatzen eta nahasten ibili beharrean? Azkoitiarrek zuen taldeagandik espero duen talantea hau dela uste al duzu?
Jon
Kaixo, Jon
Azkoitia Bai da, ereduetatik at, mendietan eolikoak nahi ez dituen alderdi bakarra. Batzuek argitu zuten egun aurkeztu den proiektu ereduarekin ez dutela bat egiten, baina ez bestelako eredu baten aurrean zer egingo zuten. Beraz, argi eta garbi utzi nahiko nuke: guk ez dugu mendietan eolikorik nahi.
Eskerrik asko
32. Kaixo,
Euskarari dagokionez gaur egun Azkoitiak arnasgune izaten jarraitzen badu ere azken neurketen datuak kezkagarriak direla uste dut, bereziki haurrei dagokienez. Zuen programan "korrika eguna", "Geure gelatik" urtero egitea (hau euskara elkartearen proiektua izanda ez zait iruditzen alderdi baten herri programan sartzea egokiena denik), gure herrira gehiago egokituko den "euskaraldia" (argi dagoenean euskaraldiak eragin erreal bat duela)... bezalako proiektu zehatzak (anekdotikoak izan daitezkeetan) aipatzen dituzue. UEMAn sartzeko bidearekin batera, baina, argi dago hizkuntza politika aktiboak behar direla. Zer da proposatzen duzuena? Nola bultzatuko duzue udaletik gaztetxoen erabilera?
Ane
Kaixo, Ane
Euskararen kale erabilera areagotzeko ekintza plan bat egitea da gure asmoa. Geure Gelatik azokaren inguruan esan nahi dut, egungo Udal Gobernuak bi urtetik behin egitea proposatu diola euskara elkarteari, eta guk urtero egin nahiko genukeela. Bestalde, Euskaraldiari buruz esan nahi dut Bilbon eta Azkoitian egiten den ariketak ezin duela berdina izan, herrira horregatik egokitu behar dela. Korrika herritik igarotzen denean ura bezala bezala pasatzen da; badator eta badoa. Beste herrietan Korrikari lotutako festa egunak egiten dira, eta guk ere horrelako zerbait egin nahi genuke, ikusten baitugu egun horretan jendea festarako gogoarekin gelditzen dela. Ueman sartzea ere ezinbestekoa ikusten dugu, baina badirudi mankomunitate horrek udalari sortuko lizkiokeen betebeharrek beldurra sortzen dutela. Gure ustez betebehar horiek asko lagunduko lukete udalaren euskalduntze prozesuan. Nahiz eta batzordeak-eta euskaraz egin, proiektuak nahiz kontu teknikoak gazteleraz jasotzen dira oraindik ere batzuetan. Ekintza planean jasoko genuke gaztetxoen erabilera nola bultzatu, betiere AEKrekin eta Maxixatzen euskara elkartearekin elkarlanean.
Eskerrik asko.
33. Kaixo,
Podemosekin aurkeztea sinadura bilketa ez egiteko dela diozu. Ziur nago PP edo VOXekoekin ez zinatela elkartuko sinadura bilketa ekiditeko. Zergatik Podemosekoekin bai? Eta Podemosekoek amankomunean ezer ez duten plataforma bat babestuko dute?
Ane
Kaixo, Ane
Politikoki ez dugu ezer hitz egin Elkarrekin Podemosekoekin. Ezker Anitza, Equo eta Podemos alderdiekiko hurbilago sentitzen gara PP eta VOXekiko baino, nola ez. Dena den, Elkarrekin Podemosek ez digu inolako eraginik suposatzen gure jardunean eta politikan. Gu Podemos baino lehenago sortutakoak gara, eta lehen ere Ezker Anitzaren batera aurkeztutakoak gara, gaur egun Elkarrekinekin bezala. Batera ginen garaian, Ezker Anitzarekin eta Aralarrekin koalizioa sortu genuen, eta hari Azkoitia Bai izena eman genion. Beste urteetan utzi izan digute Azkoitia Bai izenarekin soilik aurkezten, orain, ordea, ez.
Eskerrik asko
34. Kaixo Toke. Samartiñeako bigarren igogailue noizko? Goxen bizi dan jendiek ez dik ezautuko , martxa hontan. Batte, igogailun ondoko exkillak konpontzie komeniko huke, eurixekin etten din potzuatik katiuskak ber dittuk eta
Luli
Kaixo, Luli
Kurutziako etxeak egin ahal izateko udaletxeak tasen bitartez jasoko duen diru kopurua bai ala bai erabili behar du udalak San Martin auzoko irisgarritasuna hobetzeko, hitzarmen batek hala jasotzen baitu. Dagoeneko 600.000 euro inguru kobratu ditu udalak, beraz, zerbait egiteko modua badagoela iruditzen zait.
Eskerrik asko
Eskerrik asko elkarrizketa honetan parte hartu duzuen herritar guztioi. Gurea bezalako plataforma batean parte hartzera animatzen zaituztet aurrerantzean, ikusten baita herrigintzarako grina nabaritzen zaizue eta. Eskerrik asko eta hurrengora arte.