Espainiako Gorteetarako bozak (2026)

Herritarren joan-etorria nabaria da Espainiako Gorteetarako bozen lehen orduetan

Ane Olaizola

Hauteskunde mahaiak zabalik dira 09:00az geroztik, eta herritarrak normaltasunez ari dira botoa ematen. Azkoitian, 8.702 herritarrek dute gaur Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeetan botoa emateko eskubidea. 

Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskunde eguna da gaurkoa, eta goizeko lehen orduetan ia etengabea da herritarren joan-etorria. 09:00etan zabaldu dituzte hauteslekuak, ordubete lehenago Azkoitiko hamahiru mahaiak eratu ostean, eta ordutik, herritarrak normaltasunez ari dira bozkatzen. Azkoitian, 8.702 herritar daude deituta gaur botoa ematera. 

20:00etan itxiko dituzte hauteslekuak eta orduan hasiko dute botoen kontaketa. Atari honek gertutik jarraituko du hauteskunde eguna. 

Gipuzkoak sei eserleku

Guztira, 38.728.356 herritar daude botoa ematera deituta; horietatik 35.958.711 lagun Espainiako Estatuan bertan bizi dira, eta gainontzekoak –2.769.645 lagun–, handik kanpo. Hauteskunde egunean 18 urte beteta izatea da botoa emateko ezinbesteko baldintzetako bat, baina ez bakarra. Udal hauteskundeetan ez bezala, Espainiako Gorteetarako zein Eusko Legebiltzarrerako bozetan nahitaezkoa da espainiar nazionalitatea izatea, eta baita hautesle erroldan edo atzerrian bizi diren egoiliarren hautesle erroldan izena emanda egotea ere. Euskal Herrian, 2.355.958 euskal herritarrek dute bozkatzeko eskubidea, eta Urola Kostara etorrita, 61.687 herritarrek dute gaur botoa emateko aukera. Horietatik 59.537 lagun eskualdean bertan bizi dira, eta gainontzekoak –2.150 lagun–, Espainiako Estatuaren mugetatik kanpo. 

Espainiako Diputatuen Kongresuak 350 eserleku ditu; gehiengo osoa izateko 176 behar dira, beraz. Probintzia bakoitzak gutxienez bina eserleku ditu –Ceutak eta Melillak, bana–, eta hortik aurrerakoak, toki bakoitzean bizi den herritar kopuruaren arabera banatzen dira. Hego Euskal Herriko lurraldeei denera 23 dagozkie: Bizkaiari zortzi, Gipuzkoari sei, Nafarroari bost eta Arabari lau. Bestalde, Senatua 266 senatarik osatzen dute, baina gaurko bozetan ez dira kide guztiak berrituko, 208 baizik; Hego Euskal Herriaren kasuan, lau lurralde bakoitzeko. 

2023ko uztailean egin ziren Espainiako Gorteetarako aurreko hauteskundeak. Orduko hartan, Kongresurako boto gehien EH Bilduk eskuratu zituen Azkoitian, guztira 2.048 boto (%36,82); EAJ izan zen bigarren alderditik bozkatuena, eta 1.838 boto jaso zituen (%33,05). Hirugarren indarra, berriz, PSE-EE (PSOE) izan zen, 944 botorekin (%16,97). Senaturako ere EH Bilduko hautagaiak izan ziren Azkoitian boto gehien lortu zituztenak. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide