ETB1eko Go!azen telesailak Abadia saria jaso zuen atzo Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik, Ficoba erakustazokan (Gipuzkoa) festa kutsuan egindako ekitaldian. Ikus-entzunezkoen bitartez haur eta gazteen artean euskararen erabilera modu "erakargarri, natural eta iraunkorrean" sustatzeagatik jaso zuen telesailak aitortza, eta Eider Mendoza diputatu nagusiaren eskutik jaso zuen lantaldeak oroigarria; tartean, Idoia Urangak, telesaileko aktore zuzendariak.
"Denboraldiz denboraldi, ostiralero-ostiralero, gogorarazten diguzue euskara dela adiskidetasuna, elkartasuna eta gozamena, euskara dela irria, kantua eta dantza, euskara dela gure lema", esan zien Mendozak Pausokak EITBri ekoitzitako fikzioaren kide guztiei. Telesailaren sortzaile eta ekoizle eragile Xabi Zabaletak, bere aldetik, azpimarratu zuen telesailak euskararen "etxe handira sartzeko leihoa" dela, zaleak leiho horretatik euskarazko musika eta ikus-entzunezkoak kontsumitu ditzaten. "Ume garaian euskaraz kontsumitzeko ohitura hartzen ez dutenek, kostata kontsumituko dute euskaraz ondoren", esan zuen.