Sare Herritarrak azaroko elkarretaratzea egin zuen atzo, ostirala, Azkoitiko plazan. Espainiako Gorteetarako bozek agenda politikoa zein mediatikoa "guztiz hartuta" duten honetan, "konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren alde buru-belarri lanean" dihardutela adierazi zuten deitzaileek, eta ohartarazi zuten, gainera, Espainiako Auzitegi Nazionalaren Fiskaltza "iraganeko agertokira" itzultzeko "nahian" dabilela. "Hainbat izan dira euskal presoek eskubidetzat dituzten gradu progresioei ezarritako errekurtsoak, eta beraz, gradu erregresioak. Azken egunetan adierazi dugun moduan, ez gaude prest horren beharrezkoa dugun elkarbizitza agertokien eraikuntzari, eskaini nahi zaizkien traba eta oztopoak ontzat emateko".
Ildo horretan, Sare Herritarrak argi du datozen astean "erabakigarriak" izango direla, eta ezinbestekoa deritzo hark Euskal Herrian "hamarkada luzez sufrimendu izugarria" eragin duen indarkeriaren biktimen aitortzan urratsak ematea.
Bestalde, urtarrilean Bilbon egiten dute manifestazio nazionala gogoan izan zuen Sarek: "Hainbatetan aipatu dugu azkena izan beharko lukeela, hain zuzen, oraindik emateko ditugun urratsak gainditzearen adierazlerik argiena litzatekeelako". Datorren urtarrilaren 9an elkartuko dira Bizkaiko hiriburuan, "sufrimendua gainditu" eta "bakean biziko den Euskal Herria" irudikatzera, eta mobilizazio "aspaldiko jendetsuena" izan dadin nahi dute deitzaileek.
Era berean, jakinarazi zuten abenduan ez dutela egingo azken ostiraleko elkarretaratzerik, baina bai, ohiko moduan, Urtezahar eguneko manifestazioa. Egun horretan, 18:30ean elkartuko dira plazan.