Maxixatzen Euskaldunon Elkartearen eskutik, Orbel Jokoen hamargarren finalak hartu zuen atzo arratsaldean Elkarguneko Intsausti aretoa. Ohiko moduan, giro ederrean aritu ziren lehiaketaren parte hartzaileak zein ikusleak jolasean, baina atzoko saioak bazuen aparteko berezitasunik, antolatzaileek aurrez esanda baitzuten lehiaketaren azken aldia izango zela aurtengoa. Dena den, ohiko moduan gauzatu zuten lehiaketa, eta euskara oinarri hartuta askotariko jolasak egin zituzten han bildutakoek. Azkenean, Aitzbakar taldea izan zen agurreko edizioko garailea.
Guztira, hamar taldek parte hartu zuten Orbel Jokoen atzoko saioan, eta aurre kanporaketarekin ekin zioten haiek lehiari; horietatik bost taldek egin zuten aurrera, eta beste proba baten ostean ebatzi zituzten finalistak: Haitzbakar, Kuirs eta Parik bai taldeak izan ziren hiru finalistak, eta horiek nor baino nor aritu ziren hurrengo minutuetan. Bost proba jokatu ondoren, Haitzbakar taldeak batu zituen puntu gehien (305), eta hark jaso zuen 300 euroko sari nagusia.
Talde txapeldunak 300 euroko saria jasoko du, bigarren taldeak, 180 eurokoa, eta hirugarrenak, 120 eurokoa. Nolanahi ere, Maxixatzenek publikoa ere jolasean jarriko du, banakako ariketa bat eginda. Proba horretako irabazleari 60 euro emango dizkiote. Kuirs taldea, berriz, bigarren postuan sailkatu zen 240 punturekin, eta taldekideek 180 euroko saria irabazi zuten; Parik bai taldea, bestalde, 210 puntu lortu zituen, eta haientzat izan zen 120 euroko saria. Haiez gain, Maite Azpirozek Herritarren saria jaso zuen, eta 60 euro poltsikoratu zituen hark. Behin sari banaketa eginda, mokadu batekin borobildu zuten saioa eta hamar urteko zikloa.