Bilboko hilketa matxista gaitzesteko, elkarretaratzea egingo du astelehenean Itaiak

Andoni Elduaien

Sarrigurengo hilketa matxista salatzeko Itaiak plazan egindako elkarretaratzea. (Mailo OIarzabal)

Gizon batek 34 urteko emakume bat labankadaz hil zuen atzo Bilbon; Euskal Herrian aurten gertatu den seigarren hilketa matxista da. Hori salatzeko, Urola Erdiko Itaiak elkarretaratzea egingo du San Andres egunez, 14:00etan, eliz atarian. Azkoitiko Udalak ere hilketa matxista gaitzetsi du.

Azaroaren 25a igaro berri den honetan, beste hilketa matxista bat izan da Euskal Herrian. Atzo –osteguna– iluntzean, gizon batek bikotekide ohiari arma zuriz eraso egin zion Bilboko etxebizitza batean, eta hil egin da 34 urteko emakumea. Aurten indarkeria matxistak Euskal Herrian hil duen seigarren emakumea da. Hilketa hori gaitzesteko, mobilizazioa deitu du Urola Erdiko Itaiak astelehenerako, San Andres egunerako. Eliz atarian elkartuko dira 14:00etan, Indarkeria matxistari aurre egin! lelopean. 

Atzo, erasoa gertatu zen etxebizitzan bizi zen batek eman zuen abisua, 20:00etan, oihuek ohartarazita. Polizia etxera iritsi zenean gizona labanarekin eraso egiten ari zitzaion emakumeari, eta bien haurrak ere etxean ziren. Zenbait hedabidek jakinarazi dutenez, gizona geldiarazi zuten, baina ordurako emakumeak zauri larriak zituen, eta Gurutzetako ospitalera eraman zuten. Gizona hilketa saiakera delitua egotzita atxilotu zuen Poliziak. Erasotzaileak 47 urte ditu, eta aurrekariak ditu indarkeria matxistagatik.

Udalaren gaitzespena

Azkoitiko Udalak ere bere "gaitzespenik irmoena" azaldu du Bilbon gertatutako erailketaren aurrean, eta "elkartasuna" adierazi die biktimaren senideei eta hurbilekoei. "Heriotzek emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dute erakusten; izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen eta sostengatzen da. Emakumeenganako indarkeria era guztietan, hala nola psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala eta bikarioa, emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina".

Udalak esan du Bilbon jazotako tragediak gogora dakarrela "berdintasuna eraginkorra" izan dadin, erakundeek eta euskal gizarte osoak dutela "erantzukizuna". Hori horrela izan dadin, erakundeak adierazi du "bat" egingo duela herrian antolatu diren gaitzespen ekimenekin edota elkarretaratzeekin, eta herritarrak horietan parte hartzera deitu ditu.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide