Izarraitz lanbide heziketa saritu dute Ekonomia Zirkularra Modelatzen egitasmorako egindako proiektuagatik

Andoni Elduaien

Izarraitz lanbide heziketako ikasleak eta irakasleak, gaur, Donostian. (Aldundia)

Gipuzkoako bederatzi lanbide heziketa zentro saritu dituzte gaur Ekonomia zirkularra modelatuz egitasmoan parte hartzeagatik, tartean Azkoitiko Izarraitz lanbide heziketakoak. Birziklatutako materialekin eskultura berritzaileak sortu dituzte, praktika jasangarriak eta zirkularrak sustatuz.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak Azkoitiko Izarraitz lanbide heziketa saritu du gaur, ostirala, Donostian. Erakunde horrek sustatutako Ekonomia Zirkularra Modelatzen egitasmoan parte hartu dute beste urte batez Izarraitz lanbide heziketako Hasierako Ikasketa Malguko eta Egokituko ikasleek. Eskultura berritzaile bat sortu behar izan dute ikasleek birziklatutako materiala erabilita, eta lan horrengatik, 2.000 euroko saria jaso dute. 

Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen barruan kokatu du aldundiak egitasmoa, eta guztira, Gipuzkoako bederatzi zentrok parte hartu dute aurtengo erronkan, eta materialei bizitza berri bat ematea eta hondakintzat hartzen den materiala "aukera ugariko baliabide" bihur daitekeela erakutsi dute guztiek. Ikasleek askotariko eskultura eta proposamen artistikoak sortu dituzte berreskuratutako materialak erabilita, eta hala, baliabideen kontsumoari, hondakinen prebentzioari eta ekonomia zirkularraren printzipioak "eguneroko bizitzan eta ekoizpen prozesuetan txertatzeko beharraz" hausnartu dute haiek. 

Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak nabarmendu du "garrantzitsua" dela jasangarritasuna "prestakuntza esparruetara hurbiltzea". Era berean, lurraldearen ingurumen eraldaketan eta eraldaketa ekonomikoan protagonistak izango direnen "konpromisoa aitortzea" ere ezinbestekoa izango dela adierazi du diputatuak. "Ekonomia zirkularrak talentua, ezagutza eta berrikuntza behar ditu. Eta gure ikasgeletan aldaketa horren buru izateko prestatuta dagoen belaunaldi bat dugu. Horrelako egitasmoen bidez erakusten dugu hondakinak ez direla prozesu baten amaiera, aukera berrien abiapuntua baizik. Ikasteko, lan egiteko, diseinatzeko eta ekoizteko dugun moduaren parte izan dadin nahi dugu jasangarritasuna".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide