Trikigiro kultur elkarteak antolatuta, Ostiraltxo egitasmoaren barruko juntadizoa egingo dute gaur, ostirala, Azkoitiko Zurt tabernan. 21:30ean hasita, trikiti doinuak entzun ahal izango dira Alde Zaharreko taberna horretan. Trikiti munduko herritarrak saretzea xede duen egitasmoa apirilean abiatu zuen kultur elkarte horrek, duela hainbat urte Azkoitiko Txalintxo tabernak abiatu zuen Trikilintxo juntadizoari lekukoa hartuta.
Apirilean egin zuten egitasmoaren barruko lehen juntadizioa, Zurt tabernan bertan, eta harrezkero, Azpeitian nahiz Errezilen egin dituzte erromeriak. Hilaren amaierako egunak trikiti munduko lagunak biltzeko egunak izan daitezen nahi du Trikigirok, eta bide batez, bailarako trikitilariak elkar ezagutzeko plazak sortzea.