Puntu bat gehiago zakura, eta liderra gertuago

Andoni Elduaien

Sei gol daramatza Pastrianek aurten. (Anaitasuna)

Penalti bat huts egin ondoren, markagailuan atzetik iritsi zen Anaitasuna atsedenaldira. Dena den, aldageletatik buelta itxura aldatu eta lehia berdintzeko gai izan zen Loren Barbadoren taldea. Igande arratsaldean Añorgaren aurka jokatuko du Anaitasunak.

Anaitasunaren gizonen taldeak puntu bat gehiago bildu zuen atzo, asteazkena, Bergarako Agorrosin zelaian (Gipuzkoa). Espainiako Errege Kopako kanporaketa tarteko, atzeratuta utzitako partida jokatu zuen Loren Barbadoren taldeak Bergara taldearen aurka, eta 1-1 berdindu zuten. 

Hotz sartu zen Anaitasuna lehiara, eta kontrara, etxeko taldea ondo. Bergarakoek presioan lan ona egin zuten arren, ez zuten lortzen goleko abaguneak sortzea. Anaitasuna bere zelaian gotortu bazuten ere, gorritxoak ez ziren estutasunetan sartu. Hala eta guztiz ere, Barbadorenek izan zuten markagailuan aurretik jartzeko aukerarik handiena. Epaileak gorritxoen aldeko penaltia adierazi zuen, baina Ander Pastrian aurrelariak egindako jaurtiketan etxekoen atezainak gelditu egin zuen baloira.

Anaitasunako jokalariak 11 metrotatik egindako hutsari buelta eman nahian ari zirenean, berriz, Bergarak bat eta hutsekoaren gola egin zuen, neurketako ordu erdia betetzear zela. Anaitasunakoek ez zuten asmatu etxekoek hegaletik egindako erdiraketa bat behar bezala urruntzen, eta aldaratze horren ondoren egin zuten gola Bergarakoek. Handik eta 45. minutua bete arte ez zen mugimendu handirik izan Agorrosinen. 

Bigarren zatian bestelako itxura bat eskaini zuen Barbadoren taldeak; erritmo hobeagoa izan zuten gorritxoek eta baloiarekin lortu zuten Bergara pixkanaka apaltzea. Jokoan izan zuten ekimenari esker Bergara bere zelaian trabatu zuten Anaitasunakoek, eta 56. minutuan Ander Pastrianek lehia berdindu zuen. Area kanpotik egindako jaurtiketa ikusgarri batekin ezustean harrapatu zuen Bergarakoen atepeko gizona, eta zutoinak lagunduta egin zuen hark gola. 

Gola lortu eta gero ere une gozoan jarraitu zuen Anaitasunak, eta gorritxoek izan zituzten markagailuan aurrea hartzeko abagune ederrak. Area ingurura hurbiltze arriskutsuak egin zituzten Barbadorenek, eta aukerarik garbienetan Bergarakoen atezainaren lana nabarmendu zen. Azken bost-hamar minutuetan, berriz, neurketa bizi-bizi jarri zen. Bai talde bat, bai bestea, garaipenaren bila itsutu zen, eta joan-etorriko lehia bilakatu zen. Eskapada bat edo beste egin zuen Anaitasunak minutu horietan, baina, azkenean, salbu atera zen Agorrosindik. 

Bergaran puntu bat batuta, Zarautz liderra gertuago du orain Anaitasunak. Zarautzek 27 puntu ditu sailkapenean, eta postu bat beherago, 26 puntu ditu Anaitasunak. Datorren igandean, Añorgako Rezola futbol zelaian jokatuko dute Barbadorenek (16:30). Emakumeen taldeak, berriz, Dulantzin (Araba) jokatuko du larunbatean (16:00).

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide