Hamar taldek parte hartuko dute Orbel Jokoak lehiaketaren azken aldian

Andoni Elduaien

Orbel Jokoak txapelketaren iazko finala. 

17:30ean jokatuko dute azkenekoz Maxixatzen Euskaldunon Elkartearen lehiaketa. Hamar talde arituko dira jolasean, Elkarguneko Intsausti aretoan. Aurre-kanporaketa, kanporaketa eta finala jokatuko dituzte, hurrenez hurren.

Azkenekoz jokatuko dute bihar, ostirala, Maxixatzen Euskaldunon Elkartearen Orbel Jokoak lehiaketa. Guztira, hamar taldek parte hartuko dute bihar 17:30ean Elkarguneko Intsausti aretoan jokatuko duten azken hitzorduan.

Aurre-kanporaketarekin ekingo diote lehiaketari; proba bat jokatuko dute lehian arituko diren hamar taldeek, baina hura jokatutakoan, bost talde onenek soilik egingo dute aurrera. Segidan, bigarren proban lehiatuko dira taldeak, eta kanporaketa horretan ebatziko dute finalisten zerrenda; hiru taldek lortuko dute Orbel Jokoak lehiaketaren azken finalerako urratsa egitea. 

Finalean, aurreko bi kanporaketetan baino ariketa edo jolas gehiago egin beharko dituzte partaideek; orotara, bost ariketa puntuagarri jokatuko dituzte, eta horietan guztietan puntu gehien biltzen duen taldea izendatuko dute txapeldun. 

Talde txapeldunak 300 euroko saria jasoko du, bigarren taldeak, 180 eurokoa, eta hirugarrenak, 120 eurokoa. Nolanahi ere, Maxixatzenek publikoa ere jolasean jarriko du, banakako ariketa bat eginda. Proba horretako irabazleari 60 euro emango dizkiote. 

Hitzordua amaitzean, mokadutxoa egingo dute Orbela tabernan. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide