Azaroaren 25a

Itaiak lehentasun politikotzat jo du matxismoa amaitzeko bide orria garatzea

Ane Olaizola

Itaia antolakundeak deituta, arratsaldean manifestazioa egin dute hainbat herritarrek plazan hasita. Gaurko testuinguruan, matxismoaren aurkako mugimendu "indartsua" eraiki behar dela irizten dio Itaiak, "kale mailako mobilizazioan eta antolakuntza independentean" oinarritua.

Indarkeria Marxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean, manifestazioa egin dute gaur herritarrek, Itaia antolakundeak deituta. Hainbat lagunek egin dute bat arratsalderako prestatuta zegoen deialdiarekin, eta horiek Indarkeria matxistaren aurka borrokatu. Sozialismoa eraiki pankartaren atzean egin dute ibilbidea. Dena den, euri jasa gogor antzeman da, eta aurreikusitakoa baino ibilbide txikiagoa egin dute herritarrek azkenean; plazan elkartuta, Kale Nagusia zeharkatu dute, eta eliz atarian amaitu dute protesta.

Matxismoak "egunez egun kolpatzen" duen honetan, horren kontrako borroka indartzearen garrantzia azpimarratu dute mobilizazioaren amaieran. Izan ere, urtea oraindik amaitu ez bada ere, "10.000 emakume baino gehiago" eraso dituztela salatu dute Itaiako kideek: "Euskal Herrian hainbat forotan aritu dira emakumeon irudiak zabaltzen; hainbat lekutan kamerak ipini dituzte emakumeak grabatzeko; adingabekoen kontrako indarkeriak gora egin du eta matxismoaren adierazpenik krudelenak ez du etenik izan: dagoeneko bost emakume hil dituzte". 

Egoera "larria" dela azpimarratu du Itaiak, eta lehentasun politikotzat jo du hark matxismoa amaitzeko bide orria garatzea. Ordea, erakundeei eta alderdi politikoei kritika egin die ildo horretan, Itaiaren iritziz, haientzat ez baita "lehentasunezko auzia" hori: "Aferaren kudeaketara mugatzen dute beren jarduna. Hori, gainera, gero eta baliabide gutxiagorekin egiten dute, eta ez dute emakumeon babesa bermatzen: urruntze aginduen urraketak; prozedura burokratiko amaigabeak; erasotzailea seinalatu beharrean, emakumeen hitza etengabe zalantzan jartzea. Gainera, kasu askotan erasoa jasan duten emakumeei ez diete kalitatezko etxebizitza alternatibarik bermatzen; izan ere, askori aterpetxe edo pisu partekatuak eskaintzen dizkiete, zenbaitetan, gainera, gizonezkoekin partekatu behar dituztenak; edota babes pisuetatik kanporatzen dituzte". Egoeraren aurrean, antolakundeak esan du ez duela "onartukoa" indarkeria jasan duen emakumerik "kale gorrian" geratzea, eta adindu du "borroka" egingo duela pertsona horien "babesa" berma dadin; besteak beste, "kalitatezko etxebizitza" bermatzeko eta bere "ongizaterako" beharrezkoak dituen baliabidea profesionalak eskuratzea. 

Faxismoaren gorakada ere aipatu du erakunde sozialistak: "Argi eduki behar dugu faxismoa emakume langilearen aurkako proiektua dela. Emakume langileok jasaten dugun egiturazko zapalkuntza ukatzen dute eta gure zapalkuntzan sakontzeko neurriak proposatzen dituzte; indarkeria matxistaren aurkako legea deuseztatzea edo abortatzeko eskubidea ukatzea, adibidez". Hain zuzen, faxisten asmoa emakume langileak "deshumanizatzea eta zapaltzea" direla ohartarazi dute haiek. nahi gaituzte. 

Egoeraren aurrean, matxismoaren aurkako mugimendu indartsu bat eraiki behar dela irizten dio Itaiak, "kale mailako mobilizazioan eta antolakuntza independentean oinarritua". Bestetik, indarkeria matxista eta erasotzaileen inpunitatea normalizatu ez daitezen, "eraso matxista guztiei erantzun" behar zaiela azpimarratu dute "herri eta auzoetan, hezkuntza zentroetan nahiz lantokian". "Borroka horretan, emakumeok eta, oro har, langile klasea agente aktibo bilakatu behar dugu. Horregatik, norabide sozialista argi batekin indarkeria matxistaren aurka borrokatzen jarraitzeko deia egiten dugu".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide