'Ratones al ataque' eta 'Los Miserables' filmak, azaroko azken asteburuako Baztartxoren eskaintza

Ane Olaizola

'Mos Miserables' filma. 

Larunbatean Sahatsaren emanaldia izango denez, igandean eta astelehenean izango dira film emankizunak Baztartxo antzokian. Umeentzako Ratones al ataque: operación navidad filma igande arratsaldean emango dute, eta helduentzako Los Miserables, igande eta astelehen iluntzean. 

Datorren asteburuan bi film emango dituzte Baztartxo antzokian, eta helduei zuzendutako Los Miserables eta haurrentzako Ratones al ataque: operación navidad filmekin agurtuko dute azaroa udal antzokian. 

Oraingo honetan, igandean eta astelehenean izango dira film emankizunak Baztartxon, larunbatean (18:30) Sahatsa dantza taldearen emanaldia izango delako han. Horrenbestez, umeei zuzendutako Ratones al ataque: operación navidad filma igandean 17:00etan ikusi ahal izango da, eta Los Miserables, berriz, bitan eskainiko dute: igandean 19:30ean eta astelehenean, ikuslearen egunean, 20:00etan. 

Ratones al ataque: operación navidad filma irudi errealak eta animazioa nahasten dituen komedia da, Gabonetan girotutakoa. Eguberriak pasatzera landetxe batera iristen den giza familia baten eta han bizi den eta etxea utzi nahi ez duen sagu familia baten arteko talka kontatzen du istorioak. 

Bestalde, Victor Hugo idazleak 1862an sortu zuen izen bereko eleberriaren egokitzapena da Los Miserables; oraingo hau, Fred Cavayek idatzi eta zuzendua. Ogi bat lapurtzeagatik 19 urte espetxean igaro ondoren, Jean Valjean libre izaten saiatuko da, nortasun berria eskuratuz eta Cosette neskatila babestuz. Ordea, Javert inspektoreak etenik gabe jazarriko du protagonista, gizartearen desberdintasunak eta iraultzaren matxinadak Paris hiria zeharkatzen duten bitartean. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide