Behar baino gehiago luzatzen ari zaien egoera hainbatetan salatu izan dute Azkoitiko Juaristi enpresako beharginek azken urtebete luzean, eta beste behin jendaurrean adierazi nahi izan dute "abandonatuta" sentitzen direla eta enpresaren aldetik ez dutela sumatzen etorkizunerako "inolako konpromisorik". Haien esanetan, langileek beren eguneroko lanaldian ez dute ekoizpen jarduerarik edukitzen, eta lau ordainsari zein Geroa pentsio osagarriaren 32 kuota jaso gabe dituzte. Hala jakinarazi dute Juaristi lantegian segitzen duten langile apurrek; izan ere, enpresa langileak galtzen ari da tantaka-tantaka: gaur-gaurkoz, 19 langile besterik ez ditu Juaristik, 130 lanpostu eta hainbat familia "arriskuan" zeudela ohartaraziz agerraldia egin zutenetik urtebete pasatxora.
85 urteko ibilbidearen ondoren, makina-erremintako enpresa historikoa "ixteko zorian" dagoela esan dute langileek ohar bidez, azken bi urteetan "gero eta egoera larriagoan" murgiltzen joan baita lantegia: "Langileekin, bezeroekin eta hornitzaileekin pilatutako zorrak handitzen joan dira, eta bitartean, enpresaren jabeak ez du egoera iraultzeko benetako neurririk hartu". Egunerokoa "jasanezina" bihurtu zaie beharginei, "ekoizpen jarduerarik gabeko egitura" bihurtu baita Juaristi. "Ekoizpenak ez du aurrera egiten, eta makinak fabrikatzeko beharrezkoa den materiala ekartzeko ekimenik ere ez dago".
Egoeraren aurrean, langileek "behin baino gehiagotan" eskatu izan dizkiote nagusiari enpresaren etorkizunari buruzko "azalpenak eta konponbidea". Zuzendaritzak azken bileran emandako mezua "oso argia" izan zela jakinarazi dute: "Juaristin geratzen diren langileak ez dituztela gogoan eta materiala ekartzeko asmorik ez dutela adierazi ziguten; hau da, ez dute Juaristirekin aurrera jarraitzeko borondaterik erakutsi".
Langileen arabera, ordea, bizi duten "kezka" ez da haiena bakarrik: egoeraz "arduratuta", erakunde publikoak ere jarri dira enpresarekin harremanetan egoerari irtenbide bat bilatzeko asmoz, baina haien esku hartzeak ere ez du lortu "jabearen erantzunik eta benetako konpromisorik": "Erakundeen ahaleginak alferrikakoak izan dira, jabeak ez baitu erakutsi egoera bideratzeko borondaterik". Langileentzat, egoera horrek guztiak "agerian" uzten du zuzendaritzaren lehentasuna ez dela "enpresaren jarduera berreskuratzea, ezta lanpostuak mantentzea" ere: "Zuzendaritza hartzen ari den erabaki eta mugimendu guztiek jabearen interes pertsonalak babestea dute helburu, enpresaren eta langileen etorkizuna alde batera utzita", gaineratu dute.
Lantegia, "itxita"
Enpresaren eta langileen arteko lan gatazkari dagokionez, egoera ez dela "samurra" salatu dute oharrean. Izan ere, joan zen abenduan lan harremanen amaiera eskatzeko epaiketak hasi zirenetik, Juaristiko lantaldea murrizten ari da hilabetez hilabete. Beharginek azaldu dutenez, "enpresaren egoerak eta jasaten ari diren baldintzek" bultzatuta, guztira 51 langilek jo dute epaibidera. Bereziki "deigarria" egin zaie prozesu osoan egindako epaiketa bakar batera ere ez dela joan enpresako jabea. "Langileek, beren eskubideak defendatzeko, bide judizialera jo behar izan dute; jabeak, ordea, ez du aurrez aurre erantzuteko borondaterik erakutsi". Ildo horretan, "kezka berezia" sortzen die haren jarrerak: "Hark langileekiko dituen erantzukizunak Fogasaren bidez estaltzea espero duela dirudi, enpresaren egoerari benetako irtenbidea bilatu gabe".
Bestalde, etorkizunari "are kezka handiagoz" begiratzen diote Juaristin jarraitzen duten langileek, haien begietara lantegia dagoeneko "itxita" baitago; "erakundeen aurrean bakarrik jarraitzen du irekita", zehaztu dute. Izan ere, enpresak makinak egin ahal izateko beharrezkoak dituen langile, material, baliabide eta proiektuen "bermerik" ez du jada, eta baldintza horietan "oso zaila" da industria jarduerari berriro ekitea.
Juaristiko langileek salatu dute ez daudela soilik enpresa baten itxieraren aurrean, Azkoitiko eta inguruko industria sarearen zati aipagarri izan den enpresa baita Juaristi, eta egoerak egungo hemeretzi langileen eta haien familien etorkizuna "kolokan" jartzen baitu. Hori horrela, azpimarratu dute ez dutela onartuko 85 urteko enpresak ibilbidea horrela amaitzea, "langileak abandonatuta" eta "erantzukizunak argitu gabe". Langileek beraiek ez ezik, Juaristik beste amaiera bat merezi zuela uste dute Juaristin gelditzen diren beharginek.