Garaipen bana eskuratu dute gorritxoek etxean

Andoni Elduaien

Beñat Garmendia, zelai erdian baloiarekin. (Anaitasuna)

Gizonek 3-1 hartu zuten mendean Orioko, eta emakumeek 5-0 irabazi zioten Bergarari. Sailkapeneko goiko postuetan jarraitzen dute Barbadorenek eta Oruerenek. 

Anaitasunak gozo egin du lo asteburuan, etxean garaipen bana eskuratu dute-eta bai gizonek, bai emakumeek. Loren Barbadoren gizonen taldeak 3-1 hartu zuen mendean Orioko, Txerloian, eta Iñigo Oruesagasti Orue entrenatzaileak zuzendutako emakumeek 5-0 jipoitu zuten Bergara, San Juanen. 

Gizonek beste hiru puntu batu zituzten etxean. Lan ona egin zuen Anaitasunak garaipena lortzeko. Nagusi izan zen Barbadoren taldea berdegunean, baina kostatu egin zitzaion markagailuan abantaila hartzea. Aurreneko gola 37. minutuan lortu zuen Ander Pastrianek; Julen Aramendik eta Aimar Guembek eskuin hegalean gauzatutako jokaldiari amaiera ona eman zion taldeko golegileak. Bi eta hutsekoaren gola, berriz, atsedenaldirako segundo gutxiren falta zirela lortu zuen Anaitasunak. Berriz ere eskuin hegalean landu zuten gorritxoek jokaldia; Mikel Zubizarreta legazpiarrak emandako pasea baliatu zuen Julen Larramendik Anaitasunari bi goleko abantaila emateko. 

Aldageletara abantaila ederra hartuta jo zuen Anaitasunak, baina handik bueltan, partida errematatzeko asmo garbiarekin zelairatu ziren gorritxoak. 73. minutuan iritsi zen hori berretsiko zuen gola; Beñat Garmendiak emandako goleko pasea ez zuen alferrik galdu Pastrianek, arratsaldeko bere bigarren golarekin, taldeari hiru goleko abantaila emateko. 

Ebatzi beharreko kontuak ebatzita zeudela, pausatuago aritu zen Anaitasuna azken aldera. Barbadorenek izan zituzten laugarren gola egiteko aukerak ere, baina, azkenean, Oriokoek egin zuten beren gola 83. minutuan. Gorritxoek egindako akats batetik lortu zuten bisitariek hiru eta batekoaren gola. 

Garaipena eskuratuta, sailkapeneko bigarren postuari eutsi dio Anaitasunak. Aste honetan, ordea, ligako bi partida jokatuko dituzte gorritxoek, biak etxetik kanpo. Lehia horietako emaitzen arabera, gorritxoek sailkapenaren buruan jartzeko aukera izango dute. Asteazkenean, Bergararen aurka jokatuko du Anaitasunak Bergarako (Gipuzkoa) Agorrosin zelaian (20:00), Espainiako Errege Kopa tarteko laugarren jardunaldian atzeratu zuten partida jokatzeko. Igandean, berriz, Añorgako (Gipuzkoa) Rezola zelaian jokatuko du Anaitasunak Añorgaren aurka (17:00).  

Gora bidean

Orueren taldeak, bestalde, astindua eman zion zapatuan Bergarari (5-0). Jardunaldiz jardunaldi gora egin ari dira gorritxoak, hazten, eta zapatuan hasiera-hasieratik erakutsi zuten hori. Aurreneko minuturako aurretik jarri zen Anaitasuna, Maria Juaristik egindako golari esker; Jone Sudupek area ertzeko falta bikain erdiratu zuen, eta aurrelariak ez zuen hutsik egin. 14. minutuan, berriz, bi eta hutsekoa lortu zuen Juaristik; Kiara Sylaren erdiraketa berriro ere Juaristik errematatu zuen buruz, eta baloia Bergarako atezainaren gainetik bideratu zuen ate barrura. Nolanahi ere, bi gol horiez gain, beste aukera mordoxka bat ere izan zituen Anaitasunak.

Defentsa lanean ere sendo azaldu ziren gorritxoak eta Bergarakoak apenas iritsi ziren Intza Paredesen atera. Bi goleko abantaila izanda eta erritmoan behera eginda, 25. minututik aurrera baloiarekin zuen erosotasuna galdu zuen Anaitasunak, baina atsedenaldira bi goleko abantailarekin jo zuen taldeak.

Bigarren zatian lehen zatiko lehen minutuetan besteko erritmoa erakutsi zuen Anaitasunak, eta neurketa guztiz erabakita uzteko abaguneak sortu zituzten Oruerenek. Dena den, 58. minutura arte itxaron behar izan zuen taldeak hirugarren gola lortzeko; Sudupek egin zuen hiru eta hutsekoa, urrutiko falta batean baloia zuzenean sareetara bidalita.

Baloiaren jabetza izaten jarraitu zuen Anaitasunak gero ere, eta hori hala, Bergarakoei asko kostatu zitzaien beren jokoa gauzatzea; kasik ez ziren heldu ere egin Paredesen atepera. Anaitasunak jokoaren ekimenari heldu zion, eta Sudupek, bien bitartean, protagonista izaten jarraitu zuen. 80. minutuan, korner jokaldi batean, Sudupe berak lortu zuen Anaitasunarentzat laugarren gola, errematea buruz egin eta gero.

Handik bi minutura, berriz, arratsaldeko bere hirugarrena lortu zuen erdilariak, korner aldaratze batean baloia zetorkion bezala atera jota. Hiru gol, hiru modutan lortu zituen Sudupek: eskuinez, ezkerrez eta buruz. Geldikako jokaldietan egundoko mina egin zion Anaitasunak Bergarari; bost goletatik lau modu horretan lortu zituen. 

Seriotasuna eta sendotasuna erakutsiz, denboraldiko bosgarren garaipena eskuratu zuen gorritxoek. Orain, sailkapeneko seigarren postuan da Anaitasuna, 17 punturekin. Datorren zapatuan, Alegria sailkapeneko azkenaren aurka jokatuko dute Oruerenek, Dulantziko (Araba) Gastaminza zelaian (16:00); jokatutako hamar partidak galdu ditu Dulantziko taldeak. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide