The Ex musika talde ezagunak Matadeixen joko du bihar, asteartea (20:30). Amsterdam inguruan 1979an sortu zen taldeak Udazkeneko Bebarruko Jardunek egitasmoaren barruko emanaldia eskainiko du Azkoitian. Herbeheretako musika talde hori berriro itzuliko da Azkoitira, duela hogei urte ere Matadeixen eskaini baitzuten emanaldia.
Ibilbide luzeko taldea da The Ex, baina hainbat aldaketa izan ditu azken urteetan. Terrie Hessels gitarra jotzailea da da hasierako taldeko kide bakarra, eta harekin batera osatzen dute taldea Arnold de Boerrek (ahotsa eta gitarra), Andy Moor (gitarra) eta Katherina Bornefeld (bateria)
Amsterdameko etxe okupatuetako mugimendutik abiatuta, beren ibilbide luzean anarcho-punk eta post-punk gordinak eskaini izan dituzte, baina azken urteetan soinu esperimentalagoetara egin dute jauzia, hala nola inprobisazioa, free jazza eta munduko musika desberdinak txertatzeraino. Gaur egun ere sormen handiarekin jarraitzen du taldeak; If Your Mirror Breaks disko berria kaleratu zuten iaz, eta nazioarteko birak eginez jarraitzen dute.
10 euro balioko dute Herbeheretako musikarien emanaldirako sarrerek, eta Matadeirako sarreran bertan eskuratu beharko dira.