Biele ISBk garaipen garrantzitsua eskuratu zuen herenegun, zapatua, Prat de Llobregaten (Katalunia). Gorka Atxalandabasok zuzendutako taldeak 68-83 menderatu zuen TQ-CB Prat taldea. Sailkapeneko goiko postuetan zen taldeetako bati irabazteko gaitasuna erakutsi zuten otsoek zapatuan. Lehen eta azken laurden apartak jokatu zituen Biele ISBk, eta hala, denboraldiko laugarren garaipena erdietsi zuen Azkoiti-Azpeitiko taldeak.
Hasiera-hasieratik mahai gainean jarri zituzten otsoek karta guztiak. Sendo ekin zioten lehiari, 0-6 partzialarekin zabaldu zuten-eta Atxalandabasorenek neurketa. Etxekoek markagailua orekatzeraino berdindu zuten lehia, baina handik aurrera maldan behera aritu ziren Azkoiti-Azpeitikoak; Kataluniako taldeak hiru puntu baino ez zituen saskiratu, eta ISBk hogei. Hori hala, 9-26 amaitu zen lehen laurdena. Alde ederra, ordu erdi jokatzeko falta zenean.
Den den, goitik behera aldatu zen partida bigarren partida; TQ-CB Pratek irauli egin zuen lehia. Cosiallsek eta Guillemek egundoko ekarpena egin zioten etxeko taldeari, eta hala, bi puntu goitik jo zuten aldageletara (37-35). Aldageletatik bueltan, berriz, erasokor kantxaratu zen Prat, eta jokamolde horri esker emaitza beren aldera eramatea lortu zuten. Markagailuan zazpi puntuko errenta zabaldu zuten etxekoek, baina Biele ISB hiruko lerrotik hasi zen aurkariarengana hurbiltzen. Une batez, hartu-emanean aritu ziren bi taldeak kantxaren bi aldeetan; nola batek, hala besteak, hirunaka ekin zioten erasoan puntuak pilatzeari. Hori hala, 59na berdinduta iritsi zen lehia azken laurdenera.
Etxeko taldeak lan eskerga handia egin behar izan zuen amaierara arte garaipena eskuratzeko aukerak izan zitzan, eta hori majo nabaritu zuten haiekazken hamar minutuetan. Prat indarrik gabe ailegatu zen lehiaren azkenera. Gainera, Biele ISBk eraginkortasun handia erakutsi zuen saskiaren aurrean, eta modu horretan, aurkariari ihes egiteko gai izan zen. Defentsan ondo eta erasoan bikain, lehen laurdenaren gisako partziala lortu zuten Atxalandabasorenek (9-24). Hori hala, garaipena lortu zuten otsoek.
Mikel Olaizola azpeitiarra izan zen Biele ISBko jokalari onena, 17 puntu saskiratu eta 20 puntuko balorazioa eskuratuta. ISB sailkapenaren erdian kokatu da, launa garaipenekin eta porrotekin. Datorren igandean, Lobe Tu Provincia Huesca La Magia taldearen aurka jokatuko du Biele ISBk, Azpeitiko kiroldegian (18:00).
Ezin, etxean
Domusa Teknik ISBk, berriz, ezin izan zuen garaipena eskuratu etxean CB Al-Qazeres Extremadura taldearen aurka (64-71). Borrokalari azaldu ziren otsoak neurketa guztian zehar, baina bisitariek lehen zatian egindako lan ona berretsi zuten bigarrenean, eta aukera gutxi eskaini zieten haiek Asier Larrañagarenei.
Kanpoko taldeak ondo ekin zion lehiari, eta haien hiruko saskiratzeei ISBkoek emandako erantzunak ez ziren aski izan. Markagailuan aldea bikoiztu zuen Caceresko (Espainia) taldeak segituan, eta hori hala, Larrañaga entrenatzaileak hutsartea eskatu behar izan zuen (8-16). Eten horren bidez ere ez zuten otsoek erreakziorik lortu; kontrara, bisitariek min egiten jarraitu zuten. Nolanahi ere, laurdenaren amaiera txukuna ondu zuten Azkoiti-Azpeitikoek, eta hala 15-23 amaitu zen lehen laurdena.
Bigarren laurdenaren hasieran ISB bete-betean sartu zen lehian, baina uztaipean bisitariek nagusi izaten jarraitu zuten, eta une garrantzitsu batean saskiratutako hiruko batek hoztu egin zuen Larrañagarenen susperraldia (23-32). Gainera, Caceresko taldeak sendotu egin zuen defentsako lana, eta hala, asko urrundu zitzaion ISBri aurkaria atsedenaldiaren aurretik (27-44).
Bigarren zatian erreakzioaren bila kantxaratu zen ISB, eta Geraldynn Malama Leaupeperen eta Mame Khoudia Fallen ahaleginari esker lortu zuten hein batean, taldea hamabi puntura ekarrita. Defentsan ere intentsitatea koska bat igo zuten otsoek, eta hori nabaritu egin zen kantxan; aurreneko zortzi minutuetan bi saskiratze baino ez zituzten eskuratu bisitariek. Hamar puntu azpitik jarri zen ISB, baina kanpokoen bi hiruko saskiratzerekin hautsi egin zen ostera dema (44-56).
Eraginkortasun handia erakutsi zuen Caceresko taldeak, eta Larrañagarenek uztaipean nagusitzea lortu bazuten ere, motz gelditu ziren. Dena den, bost puntura hurbildu zen etxeko taldea neurketa amaitzeko minutu eta erdiren faltan. Halere, jaurtiketa libreen lerrotik itxi zuten kanpokoek garaipena.
Leaupepe izan zen otsoen artean onena. 21 puntu saskiratu zituen hark eta 27 puntuko balorazioa eskuratu. Bi garaipenekin, sailkapenaren erditik behera kokatuta dago Azkoiti-Azpeitiko taldea. Datorren zapatuan, Club Joventut Badalona bigarren sailkatuaren aurka jokatuko dute Domusa Teknik ISBkoek, Azkoitiko Elkargunean (18:00).