Azaroaren 25a

Presio estetikoaz hausnartu dute Miren Ibarguren psikologoaren laguntzarekin

Aitziber Arzallus

Presio estetikoa hizpide hartuta atzo arratsaldean Elkarguneko Oteiza aretoan egin zuten saioa. (Aitziber Arzallus)

Azaroaren 25aren harira, presio estetikoaren inguruan lanketa berezia egiten ari dira Azkoitiko Gazte Asanbladako eta Urola Erdiko Itaiako kideak, eta atzo arratsaldean Miren Ibarguren psikologoarekin aritu ziren gaiaren inguruan.

Asteartean Azaroaren 25a izango da, Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna, eta horren harira, presio estetikoa gai hartuta lanketa berezia egiten ari dira Azkoitiko Gazte Asanbladako eta Urola Erdiko Itaiako kideak. Esaterako, atzo arratsaldean, Miren Ibarguren psikologo azkoitiarraren laguntzarekin gaiaren inguruan hausnartzeko aukera izan zuten Elkarguneko Oteiza aretora bertaratu ziren dozenaka lagunek.

Presio estetikoak, eta batez ere hori ondo kudeatzen ez jakiteak, osasun fisikoan eta buru osasunean eragin ditzakeen kalteez, sare sozialek jokatzen duten rolaz, influencer-en aholkuak jarraitzeak eta etengabe haiekin konparatzeak izan ditzaketen ondorioz, horren guztiak bultzatutako elikadura eta kirol ohitura arriskutsuez eta beste hainbat kontuz jardun zuten hizketan, eta jendearen parte hartzea ikusita, argi gelditu zen gaiak kezka handia eragiten duela gizartean, eta batez ere neska gazteen artean.    

Miren Ibarguren psikologo azkoitiarra, atzo arratsaldean, Elkarguneko Oteiza aretoan. (Aitziber Arzallus)

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide