Bihar da Santa Zezilia musikarien zaindariaren eguna, baina Azkoitiko Bizkargi musika eta dantza eskolako kideek atzo arratsaldea baliatu zuten haren bueltako ospakizun ekitaldiak egiteko. Kalejira egin zuten aurrena, eta ondoren, musika eta dantza uztartu zituen emanaldi berezia Elkarguneko Herriko Plaza aretoan.
Trikitilarien txanda izan zen aurrena, 18:00 aldera abiatu ziren Elkargunetik, eta ordubete bat geroago hasitako leku berean bukatu zuten kalejira, trikiti doinuak herrian barrena zabaldu eta gero. Ordurako, sekulako ilara zegoen Herriko Plaza aretora sartzeko, inork ez baitzuen Bizkargiko ikasleen emanaldia ikusi gabe gelditu nahi. Ateak zabaldu zituztenean, ziztuan bete ziren jarritako eserleku guztiak, eta askok zutik ikusi behar izan zuten jaialdia. Nola ez, dantza eta musika uztartu zituen ordubeteko saioak, eta adin guztietako herritarrak izan ziren oholtza gainetik igaro zirenak.