Etzi hasi eta bi astez –aurreikuspenak betetzen badira–, Azkarateko gaina eta Itziar lotzen dituen GI-3210 errepidea aldizka itxita aurkituko dute handik igarotzen direnek. Trafikoan "mozketa puntualak" iragarri ditu, zehazki, Gipuzkoako Foru Aldundiak, errepide hortako 4+480 kilometro puntuan –Itziar eta Lastur artean, Endoiarako bidegurutzetik gertu– gertatutako luizia konpontzeko eta toki horretan errepidea egonkortzeko lanak hasiko baitituzte astelehenean.
"Lanak behar bezala egin ahal izateko, hamabost minutu inguruko mozketa puntualak egingo dira bi noranzkoetan, eta erabat itxiko da zirkulazioari eragiten dion tartea", azaldu du aldundiak, ohar bidez. Lanak bukatu bitartean, 09:00etatik 17:00etara gertatuko dira mozketa horiek, eta errepidea erabat itxita izango den tarteetan, beharginek trafikoa N-634 eta GI-2634 errepideetara desbideratuko dutela gaineratu du foru erakundeak.