Iraurgi Berritzen Urola Erdiko Garapen eta Berrikuntza Agentziak, Posizionatu zure marka eta eman arreta bezeroari arintasunez izeneko prestakuntza saioa antolatu du ostegunerako, azaroaren 26rako, eskualdeko ekintzaileei eta negozio txikiei zuzenduta.
Klink programaren barruko prestakuntza saioaren helburua da negozioen ikusgarritasuna handitzeko eta bezeroekiko harremana modu eraginkorragoan kudeatzeko tresna digital praktikoak eskaintzea. Horren bidez, eguneroko jarduna erraztu eta negozioen presentzia digitala indartu nahi ditu.
Hiru orduko saioan, parte hartzaileek hainbat tresna eta baliabide digital ezagutzeko eta erabiltzeko aukera izango dute. Besteak beste, Google Business Profile landuko dute, negozioen ikusgarritasuna hobetzeko, WhatsApp Business, bezeroarentzako arreta antolatu eta arintzeko, eta QR kodeak, negozioaren espazio fisikoa kanal digitalekin lotzeko. Horrez gain, bezeroari arreta eskaintzeko eta haren esperientzia hobetzeko beste tresna digital erraz eta praktiko batzuk ere aztertuko dituzte.
Ekimen honen bidez, Iraurgi Berritzenek digitalizazioak eskaintzen dituen aukerak eskualdeko ekintzaile eta negozio txikiengana hurbildu nahi ditu, haien lehiakortasuna indartzeko eta bezeroarentzako zerbitzua hobetzen laguntzeko.
Prestakuntza azaroaren 26an izango da, 14:00etatik 17:00etara, Azpeitiko Basazabal Jauregian. Parte hartzeko, aldez aurretik izena eman beharko da, horretarako jarritako esteka honen bidez edo Alazne Larrañagarekin 688 71 87 77 telefono zenbakian harremanetan jarrita.