Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak sustatutako Kapsula Kuantikoa Azkoitira iritsi da gaur, osteguna. Fisika eta teknologia kuantikoak herritarrei modu irisgarrian, parte hartzailean eta erakargarrian hurbiltzea da Jaurlaritzak abiatu berri duen egitasmoaren helburua, eta hori hala izanik, herriz herri dabilen unitate mugikorrak eliz atarian egin du geldialdia.
09:00etan zabaldu dituzte autobusaren ateak, eta hainbat lagun bertaratu dira Jaurlaritzak prestatutako esperientziaren bidez fisika kuantikoaren oinarrizko hainbat printzipio eta eguneroko bizitzan dauden aplikazioak ezagutzeko. Goizean, 14:00etara bitartean izango da zabalik, eta aurrez erreserba egindako herritarrek gutxi gorabehera 50 minutuko saioak jasoko dituzte. Arratsaldean, berriz, 16:00etatik 19:00etara, 30 minutuko bisita egin ahalko dute herritarrek, aurrez erreserbarik egin gabeko saioetan. Ikus entzunezkoak eta panel interaktiboak ikusi ahal izango dituzte haiek bisitan, konplexuak izan daitezkeen edota eguneroko bizitzatik urrun dauden kontzeptuak ulertzen laguntzeko.