'Sacamantecas' eta 'Katu kapeladuna' filmak emango dituzte Baztartxon, igandean eta astelehenean

Andoni Elduaien

'Sacamantecas' filmaren irudietako bat. (Fotogramas)

David Perez Sañudo zinemagilearen thriller historikoa da 'Sacamantecas' filma. Zineuskadiren ADI! Filmak Euskaraz programari esker, euskaraz ikusi ahal izango da asteburu honetan haurrei zuzendutako 'Katu kapeladuna' filma. 

Sacamantecas eta Katu kapeladuna filmak ikusi ahal izango dira igandean eta astelehenean, Baztartxo antzokian. Helduentzako Sacamantecas filma igandeko 19:30ean eta asteleheneko 20:00etan emango dute; ikuslearen eguneko emanaldia izango da hilaren 23koa. Aldiz, haurrentzako Katu kapeladuna filma emango dute igandeko 17:00etan. 

David Perez Sañudo zinemagilearen thriller historikoa da Sacamantecas filma, XIX. mendearen amaieran Araban izua zabaldu zuen Juan Diaz de Garayoren benetako gertakarietan oinarritutako lana. Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialetik igaro ostean, euskaraz errodatutako filma zinema-aretoetara iritsi da; III. Karlistaldiaren azken txanpan, Gasteiz inguruan gertatutako hainbat emakumeren hilketak pantailara eraman ditu Sañudok. 

Katu kapeladuna animaziozko komedia filmak, bestalde, egokitu ezinik dabiltzan Gabby eta Sebastian anai-arreben istorioa kontatzen du. Bi horiek animatzeko misioarekin, Irudimenaren eta Inspirazioaren Institutuak katu bihurria bidaliko du haien etxera, baina bere ohiko magiak eta nahasteek dena hankaz gora jarriko dute. Warner Bros. etxearen ekoizpena euskarara bikoiztuta emango dute Baztartxon, Zineuskadiren ADI! Filmak Euskaraz programari esker.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide