Garaipen bana, Txerloiatik urrun

Andoni Elduaien

Julen Larramendi, Hondarribiko batekin lehian. (Hondarribia/ k.dejuan.alastruey)

Gizonek sailkapeneko bigarren postua hartu dute Hondarribiko (Gipuzkoa) Ondartza zelaian 0-2 irabazita. Emakume gorritxoek, berriz, asteburuan aurkari izan duten Antiguoko harrapatu dute sailkapenaren erdian.

Anaitasuna futbol taldeari biribila atera zaio asteburua. Nola gizonek, hala emakumeek, hiru puntu batu dituzte Txerloiatik urrun jokatutako neurketetan. Loren Barbadoren gizonen taldeak 0-2 hartu zuen mendean atzo, igandea, Hondarribia, eta herenegun, zapatua, Iñigo Oruesagasti Orueren emakumeek 0-1 irabazi zioten Antiguokokori, Donostian.

Hondarribiko (Gipuzkoa) Ondartza zelaian garaipen garrantzitsua eskuratu zuen Anaitasunak, atzo. 0-2 nagusitu zen Anaitasuna; lehen zatian hartu zuen aurrea, eta arauzko 90 minutuak gaindituta borobildu arratsaldea. 

Partida gogorra, lehiatua, jokatu zuten Hondarribiak eta Anaitasunak. Etxeko taldeak indar handiarekin ekin zion neurketari, baina Barbadorenek ondo eutsi zioten haien erasoko oldarraldiei. Denborak aurrera egin ahala, berriz, gorritxoek bide zabalagoak aurkitu zituzten berdegunean, eta erasoan aukerak izan zituzten. 21. minutuan lortu zuen Anaitasunak aurretik jartzea; Carlos Juaristiren pasea bikain probestu zuen Ander Pastrianek, eta taldea aurretik jarri zuen. 

Golaren ostean, etxeko taldeak izan zituen norgehiagoka parekatzeko gol aukerak, baina Anaitasuna oso-oso sendo agertu zen defentsako lanean eta atepeko ekintzetan. Hori hala, atsedenaldira bitartean markagailuko abantailari eutsi ahal izan zioten gorritxoek. 

Bigarren zatiari begira, Barbadok jokamoldean zenbait ukitu egin zituen, eta presioan, esaterako, askoz lan hobeagoa egin zuen taldeak. Goi-goitik hasi zuten presioa gorritxoek, eta modu horretan, baloi ugari lapurtu zituzten Anaitasunakoek aurkariaren zelaian. Hori hala, baloia lehen zatian baino denbora luzeagoan izan zuten bigarrenean oinetan Barbadorenek. Huts eta bikoaren gola, garaipena ziurtatu zuen gola, arauzko 90 minutuak igaro eta gero lortu zuen Anaitasunak. Muga horretara ailegatu baino lehen ere izan zituen Anaitasunak golen bat egiteko aukerak, baina, azkenean, Ekai Sudupek egin zuen gorritxoen bigarren gola.

Partida bat gutxiago jokatuta, Anaitasuna Zarautz liderragatik lau puntura dago gaur-gaurkoz; 26 puntu ditu Zarautzek eta 22 puntu Anaitasunak. Hilaren 25ean, asteazkenez, jokatuko dute kopa txapelketagatik atzeratuta gelditu zen partida. Datorren zapatuan, aurrena, Orioko taldearen bisita jasoko dute gorritxoek, Txerloia futbol zelaian (16:30). 

Azken unean garaipena

Donostiako Berio futbol zelaian aritu zen, bestalde, emakumeen taldea. Gorritxoek azken hatsean lortutako gol bati esker pilatu zituzten sailkapenean koska bat gora egiteko hiru puntu (0-1). Zelaia putzuz bete zen partida hasi eta berehala egin zuen euri zaparragatik, eta horrek eragin egin zuen bi taldeek zituzten asmoetan.

Jokamolde luzea baliatu behar izan zuten bi taldeek ezinbestea beren jokoa gauzatzeko, eta defentsako lanerako, batez ere, kontzentrazio handia eskatu zien bi taldeetako atzeko lerroko jokalariei. Anaitasunak argi izan zuen une oro egin beharrekoa: baloi guztiak luze jo, atzean akatsik ez egin nahiz sendo egon, aurrelariak baloi guztiak borrokatu eta Antiguoko taldeko atzelarien akatsak aurkitzen saiatu.

Lehiaren aurreneko erdian Jone Sudupek izan zuen gorritxoen aukera garbiena taldeari abantaila emateko; area ertzeko falta jaurtiketa batean baloiak langaren aurka jo zuen. Geldikako jokaldietan, bereziki korner jokaldietan, min egin zuen Iñigo Oruesagasti Orue entrenatzaileak zuzendutako taldeak, baina amaieran, errematean, falta izan zitzaion indarra. Kontrara, Antiguokok ezer gutxi erakutsi zuen berdegunean; kasik ez ziren iritsi ere egin Intza Paredes Anaitasunako atezainaren atera. Gehiago merezi arren, hutsean iritsi zen neurketa atsedenaldira. 

Aldageletatik bueltan, eguraldiak atertzera egin zuen, baina zelaian nabarmenak ziren putzuak. Hori horrela, lehen zatiko jokamoldeari eutsi zioten gorritxoek. Nolanahi ere, aurreneko zatian baino gol aukera gehiago sortu zituen Anaitasunak; etxekoen atezainak, ordea, lan aparta egin zuen atepean, eta Azkoitikoen goleko abaguneak ezerezean utzi zituen. Defentsako lanean, berriz, taldea oso sendo mantendu zen lehiaren 90 minutuetan, eta Antiguokoko erasoko jokalariei aukera gutxi eman zieten. 

Aldaketen bidez taldea berriro indartzea lortu zuen Oruek; baloi guztiak borrokatzeko kemena irabazi zuen taldeak aulkitik zelairatutako jokalarien eskutik. Aldaketak guztiak gauzatu eta gutxira lortu zuen Anaitasunak amaieran garaipena emango zion gola; Amaia Elorzak ateratako kornerra Sudupek buruz bikain errematatu zuen sareetara.

Taldeak jarrera aparta erakutsi zuen zelaian; gogotik egin zuen borroka, eta azkenean, merezitako garaipena eskuratu zuen. Datorren zapatuan, Bergara taldearekin neurtuko dituzte indarrak Oruerenek, San Juan futbol zelaian (15:30).

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide