Hirugarrena poltsikora, luzapenean

Andoni Elduaien

Bradley Levar Branton Lightbourne, Logroñokoen aurkako lehian. (Mikel Amenabar 'Otola')

ISBk aurkariak baino itxura hobeagoa eskaini badu ere, bi taldeetako inor ez da izan gai arauzko denboran garaipena lortzeko. Luzapena behar izan dute otsoek sasoiko hirugarren garaipena biltzeko. Lightbourne joko antolatzailea izan da ISBko jokalari onena. Emakumeen, taldeak, berriz, atseden hartu du asteburuan.

Biele ISBk denboraldiko hirugarren garaipena eskuratu zuen atzo, igandea, Azpeitiko kiroldegian. Gorka Atxalandabasorenek LogroBasket Logi7 taldea hartu zuten mendean, 84-77 emaitzarekin. Distira gutxiko partida jokatu zuten bi taldeek, eta azkenean, luzapena behar izan zuten garailea ebazteko. Azkoiti-Azpeitikoak egokiago aritu ziren luzapeneko minutuetan, eta denboraldiko hirugarren garaipena eskuratu zuten.

Otsoek hiru hirukorekin hasi zuten partida, hutsik egin gabe. Lehia nahi bezala hasi bazuten ere, ordura artekoa irudipen hutsa izan zen, Biele ISBk asko sufritu baitzuen hurrengo minutuetan, batez ere, saskiaren aurrean. Bien bitartean, bisitariek uztaiaren azpian aurkitu zuten puntu iturria.

Atxalandabasorenak defentsan gotortu ziren gero, ordea, eta aurkariari hainbat baloi lapurtuta, zortzi puntu eskuratu zituzten jarraian. Baloi horiek berreskuratuta, etxekoei korrika egiteko bidea zabaldu zieten, eta hala, ordura arteko abantailarik handiena lortu zuten (27-17). Biele ISB erosoago aritu zen kantxan, nahiz eta jaurtiketetan zituen portzentajeak Logroñoko taldearenak besteko eskasak izan. Lehen zatia, 31-23 amaitu zen. 

Otsoek hiruko saskiratze batekin ireki zuten bigarren erdia, eta aldea 11 puntura zabaldu zuten (34-23). Dena den, otsoek emandako azken kolpe horrekin esnatu zen lozorrotik Logroñoko taldea. Zortzi puntu jarraian pilatu zituzten bisitariek, eta izua zabaldu zuten Azpeitiko kiroldegian. Lehen zatian baino jokalari txikiagoak kantxaratu zituen Logroñoko taldeak susperraldia bideratzeko, eta askoz ere aktiboago aritu ziren. Markagailuan aurretik jartzea ere lortu zuten aurrenekoz. 

Luzapenean ebatzi behar

Lehiaren amaierak estua izango zenaren traza hartu zuen azken laurdenean. Bi taldeak oso astun aritu ziren kantxan; hutsegite asko egin zituzten kantxaren bi aldeetan, eta bietako inork ez zuen lortu markagailuan garaipena lortzeko besteko tarterik. Nolanahi ere, Biele ISB itxura orekatuagoa eman zuen kantxan.

Azken segundoetan tentsioa suma zitekeen, 29 segundo eskasen faltan, 65na ziren-eta bi taldeak. 16 segundoren faltan, aurretik jarri zen Azkoiti-Azpeitiko taldea, baina sei segundoren faltan luzapena behartu zuten Logroñokoek. ISBk lehiako azken sei segundoak beretzat izan zituen garaipena lortzeko, baina 67-67 emaitzarekin jo zuten luzapenera. 

Bisitariek hiruko saskiratze batekin ekin zioten luzapenari, eta lehia maldan gora jarri zitzaion Biele ISBri. Itxura txarra hartu zuen lehiak Azkoiti-Azpeitikoentzat. Hala eta guztiz ere, otsoek ezin hobeto erreakzionatu zuten, zortzi puntu eskuratu zituzten-eta bata bestearen atzetik. Markagailuan aurretik zirela, jokoaren ekimena ere Atxalandabasoren gizonena izan zen lehiaren amaierara bitartean, eta azkenean, zazpi puntuko aldea zabalduta lortu zuen sasoiko hirugarren garaipena (84-77).

Bradley Levar Branton Lightbourne joko antolatzailea izan zen Biele ISBko jokalari onena atzo, zenbakiei dagokionean. Bahametako saskibaloi jokalariak 16 puntu saskiratu zituen, 17 puntuko balorazioa eskuratzeko. Datorren zapatuan, TQ-CB Prat sailkapeneko hirugarrenaren etxean jokatuko dute otsoek (18:00). Emakumeen Domusa Teknik ISBk, berriz, atseden hartu du igaro berri den asteburuan, eta datorren igandean, C.B. Al-Qazeres Extremadura hartuko du Azpeitiko kiroldegian (17:00)

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide