Azkoitiko gizon bat hil eta beste lau pertsona zauritu dira bart Azkarate gainean izandako istripuan

Andoni Elduaien

Azkarate gaina. (Andoni Elduaien)

22:20 zirenean, bi autok aurrez aurre jo zuten, eta ondorioz, 21 urteko Azkoitiko gizon bat hil eta 31 eta 20 urte arteko beste lau pertsona zauritu ziren. 

Azkoitiko gizon bat hil da Azkarate gainean izandako auto istripuan. Ezbeharra atzo, igandea, 22:20 zirenean jazo zen GI-2634 errepidean –Ertzaintzak ez du zehaztu istripuaren puntua–, bi autok aurrez aurre elkar jo zutenean. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailak jakinarazi duenez, 21 urteko azkoitiarra da hildakoa. Larrialdi zerbitzuak istripuaren gunean bertan saiatu ziren hura suspertzen, baina unean bertan hil zen.

Beste autoan zihoazen lau pertsona ere zauritu ziren istripuan, tartean azkoitiarrak. Donostiako nahiz Mendaroko (Gipuzkoa) ospitaleetara eraman zituzten horiek guztiek zaurituta. 31 eta 20 urte bitarteko gizonak dira ezbeharrean zauritutako lau pertsonak. 

Ertzaintzak ikerketa jarri du abian, istripua nola gertatu zen argitzeko.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide