Borja Zubizarretak eta Aintzane Olaizolak irabazi dute XI. San Martin Mendi Lasterketa

Andoni Elduaien

Guztira, 111 lagunek parte hartu dute gaur San Martin auzoan jokatu duten mendi lasterketan. Bikote mistoen proban zortzi bikotek eman dute izena eta Asier eta Maite Arregi sailkatu dira aurrenak. Beste urte batez, jai giro ederra sortu da San Martin ermitaren bueltan.

Hamaikagarrenez jokatu dute gaur, zapatua, Azkoitiko San Martin auzoko mendi lasterketa. Gizonetan, Borja Zubizarreta azkoitiarra izan da azkarrena, eta emakumeetan, Aintzane Olaizola aizarnazabaldarra. San Martin auzoko jaien barruan jokatu dute proba; aurten, 9 kilometro baino gehiago eta 450 metroko desnibel positiboa izan duen ibilbidea osatu behar izan dute parte hartzaileek, Mikologia elkartearen atarian hasi eta San Martin ermitan amaituta. Guztira, 111 lagun bildu ditu mendi lasterketak. 

Iaz baino parte hartzaile gutxiago bildu ditu aurtengo probak, baina ez horregatik, maila ez da iazkoa baino kaskarragoa izan. 2025ean bezala, Zubizarretak lortu du garaipena gizonetan (00.44.38), eta haren atzetik Josu Imaz (00.46.12) Azpeitiko bizilaguna sailkatu da. Hirugarrena, berriz, Iker Etxeberria azkoitiarra izan da (00.47.46). Emakumeetan, bestalde, Olaizola gailendu da (00.59.08), eta haren atzetik sailkatu da Mari Carmen Seijas azkoitiarra (01:00:00). Hirugarren postuan, berriz, elkarrekin helmugaratu dira Alaitz Oruesagasti azkoitiarra eta Nerea Etxeberria azpeitiarra (01.04.09).

Nolanahi ere, antolatzaileek bikote mistoak ere saritu dituzte gaur. Guztira, Asier eta Maite Arregi sailkatu dira lehen postuan (01.01.40), Ihintza Urain eta Iñigo Muguruza bigarrengoan (01.03.10) eta Iosu Garate eta Nagore Urkiza hirugarrengoan (01.05.10).

Helduen probaren aurretik, baina, umeen lasterketa jokatu dute San Martin auzoan zehar. Dozenaka haurrek parte hartu dute proban; haiek ere Mikologia elkartean izan dute irteera lerroa, eta ermitan, amaieran. Batzuek gustura amaitu dute proba, irribarretsu, eta besteek leher eginda. Nolanahi ere, gustura igaro dute goiza guztiek. 

Ekintza gehiago

Datozen orduetan sanmartinetako ekintza gehiago egingo dituzte auzoan. Arratsaldean, 16:00etan hasita, mus txapelketa jokatuko dute Ardatz elkartean; 15:00etan bikoteek 15:00etan eman beharko dute izena, 25 eurotan. Sariei dagokienez, bikote irabazleak 300 euro, txapel bana eta garaikurra jasoko ditu, eta txapeldunordeak 150 euro eta garaikurra. Era berean, zozketak egingo dituzte parte hartzaile guztien artean. 

Bihar, berriz, hamarretakoa eskainiko dute Ardatz elkartean, 11:00etatik aurrera. Haragi egosi nahzi txorizo pintxoak eta salda eskainiko dituzte auzoko elkarte horretan.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide