Elikagaien Bankuak udazkeneko janari bilketa handia egingo du bihar eta etzi

Andoni Elduaien

Elikagaien Bankuan pilatutako ekarpenak, kaxetan jasota. (Utzitakoa)

Bihar eta etzi 09:00etatik 21:00etara ariko dira Azkoitiko Elikagaien Bankuko boluntarioak herritarren ekarpenak jasotzen. Herritarrek elikagaiak eta diruz lagundutako bonuak eman ahal izango dituzte.

Azkoitiko Elikagaien Bankuak bilketa handia egingo du herriko supermerkatuetan bihar, ostirala, eta etzi, zapatua. Urteko elkartasun kanpainarik garrantzitsuena izan ohi uda udazkenekoa Gipuzkoako Elikagai Bankuarentzat, eta hori hala, denda eta supermerkatu askotan arituko dira boluntarioak herritarren ekarpenak jasotzen. Herritarrei ere dei berezia egin nahi izan diete gobernuz kanpoko erakunde horretakoek, beren ekarpena egin dezaten. 

Azkoitian, Eroskiren bi supermerkatuetan, BMren bi supermerkatuetan eta Lidl supermerkatuan arituko dira boluntarioak ekarpenak jasotzen, 09:00etatik 21:00etara. Eroskin eta BMn herritarrek elikagaiak eta diruz lagundutako bonua emateko aukera izango dute boluntarioei, eta Lidlen, bonua soilik.

Herritarren ekarpenak jasotzeko boluntario gisa lan egiteko prest egon daitezkeen herritarrei dei berezia egin die gobernuz kanpoko erakundeak, bilketa handian herritarren ekarpenak-eta jasotzeko jende gehiagoren beharra izan ohi dutelako. Elikagai Bankukoek adierazi dute laguntzen dutenek bi egunetako bateko txanda bat egin beharko dutela. Laguntza eskaintzeko prest daudenek 686 68 22 56 telefono zenbakira deitu beharko dute.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide