Aurten egin dugu Azkoitian lehen aldiz Gau Beltzaren ospakizuna, Euskara Mahaiak eta udalak antolatuta. Orokorrean balorazio oso positiboa egin dugu ekiltaldien sustatzaileok. Lehen urtea izanda, dena zegoen egiteko eta funtzionatuko ote zuen ikusteko, baina herriak erantzun du, eta oso gustura geratu gara.
Lehenik eta behin, Gau Beltza ez da Halloween hitzaldia egin genuen, Josu Ozaitaren eskutik, herrian gaia pixka bat kokatzeko. Jende ugari bildu zen bertan, eta horrek adierazi zigun herrian bazegoela interesa.
Ondoren, bi arratsaldetan eskulan tailerrak egin genituen HH 5 eta LH 6 mailetako haurrei zuzenduta. Parte hartze izugarria izan zuen, ia 300 umek parte hartu zuten-eta bi egunetan; espero baino parte hartze handiagoa izan zuen. Horrek momento batzuetan gauzak zaildu zizkigun arren, haurrak gustura jardun zuten izarak prestatzen eta kalabazak husten eta horrekin geratzen gara.
Urriaren 31an borobildu genituen jaiaren inguruko ekintzak, Gau Beltza bera ospatuta. Herritar ugari gerturatu zen, eta herriko kaleak bizitasunez bete. Berdura Plazan ere gozatu zuten, eta giro polita sortu zen.
Badakigu gauza asko egongo dela hobetzeko, baina lehen urtean horrelako arrakasta izanda, badugu hurrengo urteetara begira jaia antolatzen jarraitzeko indarra.
Eskerrak emanez agurtu nahiko genuke, Euskara Mahaian parte hartzen duten eragile guztiei (udala, AEK, herriko ikastetxeetako ordezkariak, guraso elkarteetako ordezkariak, Maxixatzen Euskaldunon Elkartea), baita festa antolatzeko Euskara Mahaira gerturatu diren gurasoei ere. Udal Gazteria sailari ere eskerrak eman nahi dizkiogu, eskulan tailerretan izan zuten ezinbesteko parte hartzeagatik; Mataideixeri ere eskerrak, Gau Beltzeko ibilbidean beren ekarpena egiteagatik; laguntza teknikoa eman diguten guztiei, logistikan lagundu dutenei, aurkezle lanak egin zituen herritarrari, soinu zein argiztapen lanak egin dituztenei; antolaketan lagundu duten herritar orori; eta, nola ez, ekintzetan era batera edo bestera parte hartu duten guztiei.