Haurren sanandresetako igeriketa txapelketa jokatuko dute zapatuan Elkargunean

Andoni Elduaien

Pertsona bat urpean, igerian. (tuasaude.com)

Azkoitiko Zubiaurre zein Azpeitiko Izarraitz igeriketa klubetako eta Marea Urdina taldeko igerilariek parte hartuko dute sanandresetako igeriketa txapelketan. Proba hori tarteko, Elkarguneko igerilekua itxita egongo da bazkideentzat 15:00etatik 18:00etara. 

Zubiaurre igeriketa elkarteak antolatuta, haurren San Andres Igeriketa Saria jokatuko dute etzi, zapatua, Elkargunean. Azken urteetako ohiturari jarraituz, kirola eta festa uztartuko dituzte herriko igeriketako klubeko ordezkariek 16:00etan hasiko duten igeriketa jaialdian. Azkoitiko Zubiaurre nahiz Azpeitiko Izarraitz igeriketa klubetako eta Marea Urdina taldeko igerilariek parte hartuko dute hitzorduan.

Adinaren arabera banatuta egingo dituzte probak kirolariek: LH 3 eta LH 4 mailetakoek 25 metro egingo dituzte igerian, eta LH 5 eta LH 6 mailetakoek zein Marea Urdinakoek, 50 metro. Maila bakoitzeko hiru igerilari azkarrenek osatuko dute podiuma, baina parte hartzaile guztiek jasoko dituzte domina eta goxoki poltsa bana, lehiaren gainetik ospakizuna sustatuko duten egunean.

Aurrena, argazkiak

Igeriketa probei ekin aurretik, Zubiaurrekoek taldekako argazkiak ateratzeko tartea hartuko dute. Arratsaldea talde argazkiekin hasiko dute, hala. Azkoitiko klubeko igerilari guztiek 14:00etarako egon beharko dute kiroldegian, eta argazkirako klubeko ekipazioa eraman beharko dute. Halakorik ez dutenek, berriz, kamiseta zuria izan beharko dute soinean.

Taldekako argazkiak amaitu orduko, 15:00 inguruan, proban parte hartuko duten igerilarien beroketa saioa hasiko da, eta ordubete geroago, 16:00etan, proba. Igerilekua itxita egongo da Elkarguneko bazkideentzat probak irauten duen bitartean. Zubiaurrekoen aurreikuspenaren arabera, 15:00etatik 18:00etara ez da erabilgarri egongo igerilekua.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide