San Martingo kanpaiei ez zieten lanuzterako aukerarik eman

Aitziber Arzallus

Borroka eta tradizioa uztartu zituzten atzo azkoitiar askok, San Martin eguna izanik, ez baitzioten auzoko ermitara igo eta kanpaia astintzeko aukerari uko egin. Asteburuan jarraituko du festak. Larunbat goizean San Martin mendi lasterketa jokatuko dute 11. urtez, eta igandean hamaiketakoa egiteko aukera izango da Ardatz elkartean. 

Atzo, azaroaren 11, greba eguna ez ezik, San Martin eguna ere izan zen, eta biak, borroka eta tradizioa, uztartu zituzten azkoitiar askok eta askok. Izan ere, haur, gazte eta heldu, dozenaka izan ziren San Martin ermitara igotzeko tartetxo bat hartu zuten herritarrak, hango kanpaiari astindu bat ematera. Bertaratu ez zirenek ere presente izan zuten hori, San Martingo kanpaien hotsa etenik gabe entzun baitzen ohi baino isiltasun handiagoa zegoen herrigunetik, 11:00etatik 11:30era izan ezik, meza garaian geldialdia egin zutelako. Kanpaia jotzeaz eta meza entzuteaz gain, San Martin ermitako ondareguneko ateak bisitatzeko aukera ere izan zuten herritarrek. 

Asteburuan jarraituko dute festek San Martin auzoan. Besteak beste, larunbat goizean herritarren interesa piztu ohi duen San Martin mendi lasterketa jokatuko dute 11. urtez. Ohiko moduan, bi proba izango dira: umeena eta helduena. Aurrena haurrena hasiko da, eta haiena amaitutakoan ekingo diote helduek korrikari. Inguruko mendi txokoetatik bederatzi kilometroko ibilbidea osatuko dute kirolari horiek, eta guztira, 450 metroko desnibel positiboari egin beharko diote aurre.

Helduek izena eman beharko dute lasterketarako, 11:00etatik aurrera, Mikologi elkartean. Aurten ere banaka eta bikote mistoa osatuta egin ahal izango dute korrika, eta pertsona bakoitzak 20 euro ordaindu beharko ditu. Sariei dagokienez, aurreneko gizonak, emakumeak eta bikote mistoak jasoko dituzte, eta parte hartzaile guztien artean hainbat sari zozkatuko dituzte.

Ohiko moduan, Mikologi elkartean eskainiko duten hamaiketakoarekin borobilduko dute goiza, eta arratsaldean, Ardatz elkarteak hartuko du lekukoa. Izan ere, mus txapelketa egingo dute elkarte horretan 16:00etan, eta jokalariek ordubete lehenago eman beharko dute izena han bertan, 30 euro ordainduta. Lehen bikoteak txapela, garaikurra eta 300 euro jasoko ditu, eta bigarrenak, garaikurra eta 150 euro. Horrez gain, zozketak egingo dituzte parte hartzaile guztien artean. 

Biharamunean ere izango da ospakizunik auzoan, ohiko moduan hamaiketakoa eskainiko dutelako Ardatzen. Hori horrela, gerturatzen diren guztientzat haragi eta txorizo egosia eta salda egongo dira. 

Hona hemen datozen egunetarako prestatu duten egitaraua: 

  • Etzi, larunbata. 
    • 10:40. San Martin mendi lasterketako umeen proba. 
    • 11:00. San Martin mendi lasterketako helduen proba. 
    • Amaieran, hamaiketakoa Mikologia elkartean. 
    • 16:00. Mus txapelketa Ardatz elkartean. 
  • Azaroak 15, igandea. 
    • Goizean, hamaiketakoa Ardatz elkartean. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide