Muguruza FM 40 Tour dokumentala eta Go!azen telesailaren estreinaldia izango dira datozen egunetan Baztartxo antzokian. Zapatutik astelehenera bitartean emango dute Fermin Muguruza abeslariaren azken biran oinarrituta dagoen dokumentala. Zapatuan eta igandean 19:30ean hasiko da dokumentalaren emanaldia antzokian, eta astelehenean, ikuslearen egunean, 20:00etan. Go!azen telesailaren hamahirugarren denboraldiaren estreinako kapitulua, berriz, igandeko 17:00etan emango dute.
Fermin Muguruza oholtza batera lehen aldiz igo zenetik lau hamarkada bete diren honetan, abeslariak eskala handiko bere azken bira egin du: 40 urteko musika, konpromisoa eta kultura erresistentzia ospatzeko bidaia kolektiboa. Musika oinarri duen dokumental horrek Muguruzaren ibilbidea erakusten du, hala nola kontzertu jendetsuak, errepidean egindako kilometroak eta bidean zehar egindako topaketak. Era berean, agerian geldituko da belaunaldi desberdinetako herritarrak bildu dituen energia partekatuaren indarra, Kortatu eta Negu Gorriak taldeetatik hasi eta gaur egunera arte bakarlari gisa egin duen ibilbideraino.
Basakabiko telesaila, bueltan
Go!azen telesailaren hamahirugarren denboraldian, berriz, Basakabiko kontu gorabeheratsuek zeresana emango dute. Basakabi ez da jada udako kanpalekua izango; aitzitik, prestigio handiko Wellington Music Academyren Euskal Herriko egoitza bihurtuko da. Hautaketa prozesua, ordea, ez da gardena izan, eta uste horrek arazoak sortuko dizkie Maitane eta Garazi zuzendariei.
Gainera, musika eskola horretan sartzeko azterketa zorrotza gainditu duten hiru ikasle berri izango ditu telesailak: Ilargi, Kaia eta Luka. Haiekin batera, Wellington Music Academytik etorritako musika irakasle berria izango da Basakabin: Imanol. Garazik behartuta eta bere borondatearen aurka, Alaiak uda berriro ere musika eskolan igaro beharko du. Haiekin batera itzuliko dira Bosko, Izar, Roke, Karla, Maren eta Joritz. Dena den, telesaila ikusi beharko da Wellington Music Academyko hautaketa prozesua gainditu duena kidea zein den ezagutzeko.
Igandeko estreinaldirako gonbidapenak Entradium atarian eskuratu daitezke. Honako lotura honetan lor daitezke horiek.