Herritaren odola bilduko dute astelehen arratsaldean, Elkargunean

Andoni Elduaien

Pertsona bat odola ematen. (Magnific)

16:30etik 20:30era bitartean egingo dituzte odol ateraldiak etzi, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. Euskadiko Odol Emaileen Elkarteak odola emateko deia egin die herritarrei, zenbait odol motaren erreserbak maila baxuan daudela eta.

Etzi, astelehena, odol ateraldiak egingo dituzte, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. Azaroko lehen hitzordua izango da astelehenekoa; arratsaldez egingo dituzte ateraldiak, 16:30etik 20:30era bitartean.

Azkoitiko Odol Emaileen Elkarteko ordezkariak hasita daude herritarrei astelehenerako hitzorduak ematen. Odola ematen hasi nahi dutenek edo odol ateraldien funtzionamendua zein den hobeto ezagutu nahi dutenek 610 11 21 45 telefono zenbakira deitu beharko dute. Osakidetzak odola emateko eskatu die herritarrei, zenbait odol motaren erreserbak maila baxuan baitaude. 

Urriaren 26an, 89 odol poltsa bildu zituzten Azkoitiko Odol Emaileen Elkartekoek. Etziko hitzorduaren ondoren, abenduaren 14an egingo dituzte urteko azken odol ateraldiak, eta ordurako goizez nahiz arratsaldez eskainiko dituzte hitzorduak. Urtea amaitu aurretik, berriz, ekarpena hainbatetan egin duten herritarrak omenduko ditu Azkoitiko Odol Emaileen Elkarteak.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide