Etxebizitza eskubidea bermatzea aldarrikatzeko, greba orokorra egingo dute bihar, Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek eta gehiengo sindikalak. Etxebizitzara sarbidea bermatzeko eta espekulazioarekin zein etxebizitzaren negozioarekin amaitzeko eskatuko dute hara atxikitzen direnek, Euskal Herrian ez ezik, baita Espainiako Estatu osoan ere. Azkoitian ere izango du eraginik lanuzte orokorraren deialdiak, eta hainbat enpresa, saltoki nahiz zerbitzu langilez hustuko dira; batzuek ateak itxiko dituzte eta ohiko jarduna geratuko dute; beste batzuek, berriz, gutxiengo zerbitzuak eskainiko dituzte.
Udalaren zerbitzuak diren udaletxea, Aizkibel liburutegia eta Elkargunea, bestalde, hasiera batean irekita egongo dira bihar, baina beharginen erabakien arabera, erakundeak azaldu du lanuzteak eragina izan dezakeela horien jardunean; udaletxean, esaterako, gutxieneko zerbitzuak izango direla aurreratu dute.
Urola Erdiko Mankomunitateak, berriz, bat egin du greba orokorrarekin, eta herritarren arretara bideratutako zerbitzuak itxita egongo dira; besteak beste, Azkoitiko Garbigunea, Azpeitiko Azoka Plazako bulegoak eta Laienen azpiegiturak.
Bestalde, Azkoitiko Greba Batzordeak emandako datuen arabera, herriko honako enpresa hauek batu dira greba deialdira, besteak beste: Sammic, Osatu, Erlo, Intza, Gohita eta Murua.
Autobus zerbitzu publikoan ere nabarituko da grebaren deialdia: La Guipuzcoanak jakinarazi duenez, zerbitzu batzuk bertan behera geratuko dira. Martxan egongo diren zerbitzuen aurreikuspena egin du hark, eta hemen kontsulta daiteke ordutegia. Grebak Euskotrenen zerbitzuetan ere eragina izango du, esaterako, trenbidean eta Lurraldebusentzat dituen autobus zerbitzuetan, eta jakitera eman duenez, %30eko gutxieneko zerbitzuak bermatuko ditu enoresak. Martxan egongo diren zerbitzuen aurreikuspena egin dute horiek ere, eta hemen kontsulta daitezke haien ordutegiak.
Era berean, herri barruko Urbanue autobusak ez du zerbitzurik eskainiko 11:30etik 13:30era artean.
Mobilizatzeko eguna
Lanuzteak ez ezik, mobilizazioak ere izango dira bihar egun osoan zehar: LABek pikete informatiboak eginez hasiko du eguna, 08:00etan plazan elkartuta, eta eguerdian, hiriburuetan egingo dituzte manifestazioak grebaren sustatzaileek: Donostiakoa 12:30ean hasiko da Pio XII plazatik, eta sindikatuek hara joateko dei egin diete eskualdeko herritarrei. Arratsaldean, berriz, eskualdera itzuliko dira aldarriak, eta Azkoitian manifestazioa egingo dute, 18:00etan plazatik hasita.