Puntu bana gorritxoentzat, azaroari ekiteko

Andoni Elduaien

Julen Aramendi, ezkerrean, eta Oihan Etxaniz, eskuinean. (Anaitasuna)

Bai gizonen taldeak, bai emakumeenak, puntu bana pilatu du asteburuan, etxean. Gizonek Eibarko (Gipuzkoa) Urki izan zuten aurkari Txerloian, eta huts eta bikoa berdintzeko gai izan ziren. Emakumeek, berriz, Zumaiakorekin izan zuten lehia, eta garaipena gertu izan bazuten ere, puntuarekin konformatu behar izan zuten haiek. 

Anaitasunaren lehen bi taldeek puntu bana pilatu dute asteburuan. Bai gizonen taldea, bai emakumeena etxean aritu dira, baina puntu batekin konformatu behar izan dute. Loren Barbadok zuzentzen duen gizonen taldeak 2-2 berdindu zuen Txerloian Eibarko (Gipuzkoa) Urki taldearen aurka, huts eta bi atzetik joan eta gero. Emakumeen taldeak, berriz, lortu zuen markagailuan aurrea hartzea, baina Zumaiakok atsedenaldiaren aurretik berdindu zuen dema. Azkenean, 1-1 amaitu zen lehia hori. 

Gizonen taldeak etxean erakutsi ohi duen nagusitasuna baliatu zuen partidaren hastapenetan. Futbol zelaian Urki baino hobeto kokatuta, jokoan gehiago zirela erakutsi zuten Barbadorenek, eta gainera, jokoan izan zuten ekimena aukerak sortzeko baliatu zuten. Gorritxoek nahiko aise zapaldu zuten aurkariaren area ingurua, jokaldia ia osotasunean gautzera iristen ziren, baina azken errematean kamuts azaldu ziren. Markagailuan aurrea hartzeko abagune bat baino gehiago izan zituen Anaitasunak, baina atsedenaldian hutsean jo zuten aldageletara. 

Bigarren zatiak ere lehenaren traza hartu zuen; Anaitasunak une oro bere oinetan izan zuen baloia, eta aurkaria bere mende ibiltzea lortu zuen. Dena den, akats baten ondorioz Eibarkoek markagailuan aurrea hartu zuten 65. minutuan. Gorritxoei maldan gora jarri zitzaien neurketa, baina etxeko taldearen erreakzioa ona izan zen. Lehia berdintzeko gai zela erakusten ari zenean, ordea, Urkik huts eta bikoaren gola egin zuen 68. minutuan, gorritxoen beste akats bat aprobetxatuta. Malda are gogorragoa bihurtu zen Anaitasunarentzat, baina Barbadorenak ez ziren errenditu. Etsi beharrean golaren bila jo zuten segituan, eta bai lortu ere; 73. minutuan, Jokin Errazu erdiko atzelariak korner jokaldi batean lortu zuen bi taldeen arteko aldea murriztea. 

Binakoa lortzeko lana gogotik egin behar izan zuen Anaitasunak, baina, azkenean, 95. minutuan lortu zuen taldeak lehia orekatzea, penalti jaurtiketa batean. Julen Aramendik egin zuen gorritxoen aldeko gola, 11 metrotatik egindako jaurtiketan. Ordea, partida ez zen hor bukatu; Anaitasunak indar guztiak zelaian erakutsi zituen, eta aldiro-aldiro erasotu zuen Urkiren atea. Gainera, Anaitasunaren aulkian zalantza eta haserrea piztu zituen bi jokaldi ere izan ziren azken minutuetan: batetik, Roberto Heredero epaileak ez zuen Anaitasunaren aldeko penalti argi bat adierazi nahi izan, eta bestetik, epaile horren marrazainak jokoz kanpokoa adierazi zuen Anaitasunak hirugarren gola lortu zuen jokaldi batean.

Nahiz eta garaipena lortzeko arrazoiak eman, Anaitasunak ezin izan zituen berdinketaren mugak gainditu. Emaitza horren eraginez, postu bat behera egin dute sailkapenean Barbadorenek; hemeretzi punturekin hirugarrenak dira orain, partida bat gutxiagorekin. Datorren igandean, Hondarribiaren aurka jokatuko dute gorritxoek ligako hurrengo partida, Hondarribiako Ondartza zelaian (Gipuzkoa), 15:30ean hasita. Aurrena, bihar, Espainiako Errege Kopako lehen kanporaketa jokatuko dute gorritxoek Alavesen aurka, Txerloia zelaian (19:00).

Ondo eutsitako puntua

Emakumeen taldeak, bestalde, 1-1 berdindu zuen Zumaiako taldearen aurka, San Juan futbol zelaian. Partidara bikain sartu zen Iñigo Oruesagasti Orue entrenatzailearen taldea; momentu oro baloiaren jabetza gorritxoena zen, eta gainera, baloia ezin hobeto mugitzen jakin zuen zelaiaren alde batetik bestera. Erakusten ari zen jokoaren eraginez, laster hartu zuen etxeko taldeak aurrea markagailuan. 16. minutuan, Haizea Astigarraga kadeteak jokaldi bikaina gauzatuta egin zuen bat eta hutsekoaren gola. Zumaiako taldeko atzelarien kontra borrokatu zuen Astigarragak, baloia irabazi zuen, eta atezainaren aurrean ez zuen barkatu.

Denbora igaro ahala, Orueren taldeak behera egin zuen erritmoan, eta bisitariak une horretatik aurrera arrisku gehiagorekin hasi ziren iristen Intza Paredes atezainaren areara. Gorritxoen atezainak bikain eutsi zien aurkariaren jaurtiketa ia denei, baina lehen zatia amaitu aurretik, luzapenean, Zumaiakokoek lehia berdindu zuten. Kolpe gogorra izan zen gorritxoentzat, lehen zatia amaitzeko minutu eskas falta baitzen soilik.

Aldageletatik itzuli zirenean, lehia erabat irauli zuen Zumaiakok. Bigarren zatian baloiaren kontrola galdu zuen Anaitasunak, eta partida puskatzen hasi zen. Egoera horren jakitun, Oruek aulkia mugitu zuen, aldaketak gauzatuta baloiaren kontrola berreskuratzeko asmoz. Aldaketak egin eta minutura, ordea, epaileak Izaro Lete zelaitik egotzi zien, gorritxoen defentsa lerroko azken jokalaria zela Zumaiakoko erasoko jokalari bati eusteagatik.

Azken ordu erdia hamar jokalarirekin jokatu behar izan zuen Orueren taldeak, baina jokalari bat gutxiagorekin aritu arren ere, jarrera oso ona erakutsi zuten gorritxoek. Zelaian kasik ez zen nabaritu ere egin Anaitasunak hamar jokalarirekin ari zirela, eta gainera, lehia irabazi ahal izateko aukera sortu zituen. Zumaiako taldeko atezainak geldiketa onak egin zituen gorritxoen erasoko jokaldiak eteteko. 

Puntu bakarra batu izanagatik amaieran penatuta amaitu zuen taldeak, baina, era berean, harro taldeak egundoko lana egin zuelako. Puntua batuta, Anaitasuna sailkapeneko bederatzigarrena da gaur-gaurkoz, 11 punturekin. Datorren zapatuan, Antiguokoren aurka jokatuko dute Oruerenek Donostiako Berio futbol zelaian (17:30).

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide