San Martin egunarekin batera hasiko dituzte San Martingo bizilagunek auzoko festak. Ohiko osagaiekin prestatu dituzte beste urte batez jaiak, eta ohiturazko hitzorduek ez dute hutsik egingo. Hala, tradizioari eutsiz, kanpai festa izango da bihar egun osoan zehar, eta beraz, kanpai hotsekin hasiko dituzte aurten San Martin festak.
Goizetik erabilgarri izango da San Martin ermitako kanpaia, eta eguna ilundu bitartean izango dute herritarrek kanpaia jotzeko aukera, 11:00etatik 11:30era bitartean izan ezik, tarte horretan meza egingo baitute elizaren barruan.
San Martin eguneko kanpai festaren ondotik, berriz, asteburuan jarraituko dute festek auzoan. Besteak beste, herritarren interesa piztu ohi duen San Martin mendi lasterketa jokatuko dute 11. urtez larunbat goizean, eta ohiko moduan, bi proba izango dira: umeena eta helduena. Aurrena haurrena hasiko da, eta haiena amaitutakoan ekingo diote helduek korrikari. Inguruko mendi txokoetatik bederatzi kilometroko ibilbidea osatuko dute kirolari horiek, eta guztira, 450 metroko desnibel positiboari egin beharko diote aurre.
Helduek izena eman beharko dute lasterketarako, 11:00etatik aurrera, Mikologi elkartean. Aurten ere banaka eta bikote mistoa osatuta egin ahal izango dute korrika, eta pertsona bakoitzak 20 euro ordaindu beharko ditu. Sariei dagokienez, aurreneko gizonak, emakumeak eta bikote mistoak jasoko dituzte, eta parte hartzaile guztien artean hainbat sari zozkatuko dituzte.
Ohiko moduan, Mikologi elkartean eskainiko duten hamaiketakoarekin borobilduko dute goiza, eta arratsaldean, Ardatz elkarteak hartuko du lekukoa. Izan ere, mus txapelketa egingo dute elkarte horretan 16:00etan, eta jokalariek ordubete lehenago eman beharko dute izena han bertan, 30 euro ordainduta. Lehen bikoteak txapela, garaikurra eta 300 euro jasoko ditu, eta bigarrenak, garaikurra eta 150 euro. Horrez gain, zozketak egingo dituzte parte hartzaile guztien artean.
Biharamunean ere izango da ospakizunik auzoan, ohiko moduan hamaiketakoa eskainiko dutelako Ardatzen. Hori horrela, gerturatzen diren guztientzat haragi eta txorizo egosia eta salda egongo dira.
Hona hemen festetako egitaraua:
- Bihar, azaroak 11. San Martin eguna.
- Goizetik iluntzera, kanpai festa San Martingo elizan.
- 11:00. Meza, San Martingo elizan.
- Azaroak 14, larunbata.
- 10:40. San Martin mendi lasterketako umeen proba.
- 11:00. San Martin mendi lasterketako helduen proba.
- Amaieran, hamaiketakoa Mikologia elkartean.
- 16:00. Mus txapelketa Ardatz elkartean.
- Azaroak 15, igandea.
- Goizean, hamaiketakoa Ardatz elkartean.