Kirol emaitzei dagokienez, asteburu txarra izan da Iraurgiko bi talde nagusientzat. Galdu egin dute Challenge ligan lehiatzen duten Biele ISB taldeko gizonek; galdu egin dute bigarren FEB mailan aritzen diren Domusa ISB taldeko emakumeek ere. Gizonek etxean, Azpeitiko kiroldegian, jokatu zuten atzo arratsaldean, 18:00etan hasita, Class Basket San Antoni taldearen kontra. Norgehiagokaren hasiera nahiko parekatua izan zen, kantxan nagusitasun argirik gabekoa, eta lehen laurdenaren bukaerara puntu baten aldearekin bakarrik iritsi ziren, 19-20, etxekoak atzetik.
Bigarren laurdenean, baina, aldea handitzea lortu zuen Ibizako (Herrialde Katalanak), eta hain zuzen ere, alde hori erabakigarria izan zen azken emaitzan. 15-21 bukatu zuten bigarren laurdena, sei punturen aldearekin; 13-14 bukatu zuten hirugarrena, etxekoak atzetik zirela; eta 19na berdinduta laugarrena. Horrenbestez, 66-74 izan zen azken emaitza, Ibizako taldearen alde.
Emakumeek, berriz, ostiral iluntzean jokatu zuten, 20:00etan hasita, Zamoran (Espainia), Recoletas taldearen kontra. Gizonak ez bezala, emakumeak nagusi izan ziren lehen laurdenean, eta bi puntuko abantailarekin, 12-14 bukatu zuten aurreko laurdena. Bigarren laurdenak, ordea, guztiz bestelako kolorea izan zuen. Iraurgikoek ia lehen laurdenean adina puntu eskuratu zituzten arren (13); Zamorakoek, ordea, bikoitza, eta 13-26 bukatu zuten. Hirugarren laurdenean aurkariek baino bost puntu gehiago pilatu zituzten Iraurgikoek, 13-18, eta laugarrenean, Zamorakoek baino bat gutxiago, 18-19. Horrenbestez, 71-64 bukatu zuten norgehiagoka, etxekoen alde.