Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak (EAE) ekitaldia egin du gaur eguerdian Intsausti jauregian, Maria Jesus Lopez Sosoaga gasteiztarra Adiskide Numerario izendatzeko. 12:00etan hasi da ekitaldia, eta Lopezek Alfonso de Olivares Bruguera, un artista guipuzcoano en la escuela de Paris ikasgaia aurkeztu du jendaurrean, elkarteko kide egin baino lehen.
Lopezek ez ezik, Pedro Berriotxoa Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Gipuzkoako lehendakariak eta Asuncion Urzainki EAEren Adiskide Numerarioak parte hartu dute ekitaldian, eta ohiko moduan, fortepianoaren doinuekin uztartu dute saioa.
Lopez Sosoagak irakasle ikasketak Gasteizko Estibalizko Santa Maria eskolan egin zituen. Ikasketak amaitu zituenean, berriz, Merkataritza ikasketekin batera, irakasle itsu bati laguntzen aritu zen denbora batez. Dena den, oposizioak egin zituen egiteko horiei uztean, eta Banco de Vizcayako langileen parte izatera igaro zen, aurrena Gasteizen, eta ondoren, Donostian. Deustuko Unibertsitatean Historiako ikasketak egin zituen gerora, lizentziatura hiru espediente akademiko onenen artean amaituz. Ordea, ikasketak gehiago zabaldu zituen gasteiztarrak handik urte batzuetara. Deustuko Unibertsitatean Arkeologia praktikak egin zituen Aranzadirekin eta Bibliotekonomia eta Artxibistika ikasketak Eusko Ikaskuntzan. Eusko Ikaskuntzako Euskonews & Media aldizkarian hainbat idatzi argitaratu ditu hark, guztiak Euskal Arteari buruzkoak.