Zuberoako ikastolak laguntzeko saskiak banatuko dituzte abenduaren 11n Azkoitian

Andoni Elduaien

Zuberoako ikastoletako hainbat ordezkari.

Eskaerak Ikaskoliren webgunean egin beharko diren arren, eskatzaileek aukera izango dute beraien saskia Azkoitiko Berdura plazan jasotzeko. Azaroaren 22ra bitartean egin ahalko dira eskaerak.

23 urte igaro dira Zuberoako ikastoletako gurasoek eta Euskal Herriko hainbat laguntzailek Gabonak gerturatzen diren heinean tokiko ekoizle txikien produktuz osaturiko saski salmenta antolatzen dutela. Proiektuaren helburua argia da: Zuberoako ikastolak laguntzea eta lurralde horretako ekoizpenak ezagutaraztea eta dastaraztea. Beste hainbat udalerritan bezala, Azkoitian ere saskiak jasotzeko aukera egongo da. 

Ipar Euskal Herrian instituzionalki euskarak ez du testuinguru erraza; euskara hizkuntza gutxitua da lurraldean. Testuinguru horretan ikastolek dute euskararen transmisioa bermatzeko egin beharra eta Zuberoako ikastolak garatzen eta indartzen jarraitzeko ezinbestekoa zaie Euskal Herri osoko elkartasuna.

Hiru saski mota eskaintzen dituzte: Pettarra, Arbaila eta Basabürü. Pakete horiek bi ikastolekin lotura duten ekoizleei esker osatuak dira. Denak produkzio txikian aritzen diren ekoizleak dira, eta hortaz, kalitate handikoak eta bertan ekoiztutakoak dira produktuak.

Saskia ikaskoli.eus webgunetik eskatu beharko da, azaroaren 22ra bitartean. Behin saski bat edo gehiago hautatuta, Euskal Herriko zazpi lurraldeetan kokatutako banaketa gune bat hautatu beharko da. Abenduan banatuko dituzte saskiak Euskal Herri osoan, tartean Azkoitian. Abenduaren 11n, ostiralez, egingo dute saskien banaketa Azkoitian, Berdura plazan, Exposito fruta dendak duela urte batzuk saltokia izan zuen lokalean. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide