Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak azkenekoz egingo du aurten Orbel Jokoak lehiaketa. Herriko euskara elkartea duela hamar urte hasi zen lehiaketa antolatzen, baina ohar bidez jakinarazi duenez, aurtengoarekin agur esango diote euskal kulturaren alderdi ludikoa euskaraz sustatzeko balio izan duen jolasari.
Lehiaketaren bidez, parte hartzaileek Azkoitiko eta Euskal Herriko txokoak ezagutzeko parada izan dutela azaldu du Maxixatzenek, baita "hainbat bitxikeria ezagutzeko" eta "lagunarte jatorrean galderen erantzunak bilatzeko" ere. Euskara elkarteak azaldu duenez, lehiaketaren aldi bakoitzean ehun herritar baino gehiagok parte hartu dute, eta 6.000 eurotik gora eman dituzte sarietan. "Milaka galderari eman diegu erantzuna, barre mordoxka egin dugu finaletan, herriko dendekin zein tabernariekin ere josi dugu elkarlana…".
Hamar urteko ibilbidearen ondoren, ordea, egitasmoari "agur esateko unea" iritsi dela erabaki du Maxixatzenek. "Udazkenean, hostoak zuhaitzetatik erortzen dira, haizearekin dantzan ibili, eta lurrean orbela osatzen dute. Orbelak lurra babestu eta elikatzen du, eta etorriko diren loraldi berriei bidea prestatu. Egitasmo oro sortu, hazi, loratu egiten da, eta batzuetan, beren zikloa betetzen dute", adierazi du euskara elkarteak. Nolanahi ere, euskaraz jolasteko aukerak "ugaritu" egin direla azpimarratu du herriko euskara elkarteak, tartean Egunean Behin bezalako egitasmoaren bidez.
Orbel Jokoak lehiaketari agur esanda, ikusteko dago Maxixatzenek zer egitasmo berri loratuko duen, baina zabalik utzi du horretarako bidea. "Lurra elkarrekin landu, sustraiak zaindu eta hazteko baldintzak sortzen baditugu, ziur gaude sortuko direla kimu berriak", esan dute.
Azkenekoa, martxan
Aurtengoa izango da, beraz, Orbel Jokoak lehiaketaren azken aldia, hamaikagarrena, hain zuzen ere. Maxixatzenek agurreko eguna "egun berezia" izatea nahi du, eta hori hala, egun bakarreko lehiaketa handi bat antolatu dute; aurre-kanporaketa eta finala arratsalde berean jokatzeko erabakia hartu du euskara elkarteak. Azaroaren 27an, ostiralez, Elkarguneko Intsausti aretoan jarri du Maxixatzenek lehiaketa jokatzeko hitzordua (17:30).
Elkarteak aurreratu du egun horretarako probak prestatzen murgilduta daudela orain, eta herritar oro gonbidatu nahi izan dute lehiaketan parte hartzera. Izena emateko azken eguna azaroaren 20a, ostirala, izango da, eta horretarako honako galdetegi hau bete beharko dute partaideek. "Urte hauetan parte hartu dutenei berriro elkartzeko gonbidapena egin nahi diegu, eta inoiz animatu ez direnei, berriz, azken aukera hau aprobetxatzekoa", esan dute.
Ohi bezala, guztira, hiru sari banatuko ditu Maxixatzenek lehiaketak lehen sailkatuen artean: talde irabazlearentzat 300 euroko saria du prest, bigarrenarentzat 180 eurokoa, eta hirugarrenarentzat 120 eurokoa. Maxixatzenek esan du lehiaketaren amaieran jan-edanerako tartea izango dela. "Animatu, eta ea Orbel Jokoak merezi bezala agurtzen ditugun", esan dute euskara elkartekoek.