Azkoitiko Irakurle Taldeak azaroaren 17an, asteartez, egingo du hurrengo bilkura Elkarguneko Oteiza aretoan, eta egun horretan Harkaitz Cano idazle lasartearraren (Gipuzkoa) Twist lanaz hausnartuko dute. Taldeak jakinarazi duenez, gainera, Cano berak ere parte hartuko du Iñigo Aranbarri azkoitiarrak gidatutako solasaldian.
Canok 2011n kaleratu zuen Twist eleberria, eta urtebete beranduago, Euskadi Literatura Saria irabazi zuen. Eleberri horretan erakunde armatu bateko kideak ziren Soto eta Zeberio bahitu, torturatu eta erail ondoren, horiek salatu zituen Diego Lazkanoren bizitza kontatzen du. Hain justu, Lasaren eta Zabalaren hilketan oinarritzen da eleberriaren istorioa.