70 bat musikari elkartuko ditu V. Dultzaineroen Topaketak

Ane Olaizola

Iaz, dultzaineroen topaketan parte hartu zuten zenbait musikari. (Andoni Elduaien)

Euskal Herriko zazpi udalerritako dultzaineroak izango dira larunbatean Azkoitiko Dultzaineroen V. Topaketetan. Eguerdian, Manuel Sudupe Montte dultzaina jotzaileari omenaldia egingo diote, Kontzejupean. 

Azkoitia dultzaina jotzaileen topaleku bihurtuko da bosgarren urtez datorren larunbatean, eta topaketak hango eta hemengo musikariak elkartuko ditu beste behin goizetik arratsaldera bitartean. Hain zuzen, Euskal Herri Osoko 70 bat musikarik dultzaina, txistu, danbor zein gaita doinuz girotuko dituzte herriko txokoak, eta Manuel Sudupe Montte herriko dultzainero ezaguna omentzeko tartea ere hartuko dute ekitaldien artean. 

Azkoitiko dultzaineroek ez ezik, Garesko Zubi Ondo gaiteroek, Debako gaiteroek, Hernaniko dultzaineroek, Itziarko Kuadrillak, Tolosako dultzaineroek eta Xirolarrua taldeak parte hartuko dute Azkoitiko Dultzaineroen V. Topaketan. Horiek guztiak Oteiza pilotalekuetan elkartuko dira herrian zehar kalejira egiteko. Besteak beste, herriko plaza, Berdura plaza, Balda plaza eta Plazaberri zeharkatuko dituzte kalejiran, tartean behin hainbat pieza joz. 

Kontzejupean amaituko dute kalejira, 13:00etan Manuel Sudupe Montte omenduko baitute han. Martirietako Montte baserriko sendia aski ezaguna da dultzainaren munduan, eta musika tresna hori "monttetarren lehengo estiloan" jo duen dinastia horretako azken dultzaineroa da Sudupe. Musikariak dultzainari erakutsitako dedikazio handiagatik egingo diote aitortza hari, beraz. 

Goizeko tartearen ondoren, arratsaldean jarraituko du topaketak. Aurten, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan elkartuko dira parte hartzaile guztiak, eta han igaroko dute arratsaldea, "elkar ezagutuz" eta tartean-tartean abestiak joz. Dena den, antolatzaileek adierazi dute ateak irekita egongo direla nahi duen ororentzat. 

Hona hemen Azkoitiko Dultzaineroen V. Topaketen egitaraua:

Azaroaren 7a, larunbata:

  • 10:00. Kalejira, Oteiza frontoietatik.
  • 13:00. Manuel Sudupe Montteri omenaldia, Kontzejupean.
  • 17:00. Dultzaina giroa, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide