'Leones en invierno', 'Balea kantariaren kondaira', eta 'Kontinental '25' filmak ikusgai, Baztartxon

Andoni Elduaien

'Leones en invierno' filmaren irudietako bat. (Filmaffinity)

Igandetik asteartera bitartean emango dituzte hiru film horiek Baztartxo antzokian. Igandean 17:00etan hasiko dute haurren saioa, eta 19:30ean, helduena. Asteleheneko eta astearteko emanaldiak 20:00etan izango dira.

Leones en invierno, Balea kantariaren kondaira, eta Kontinental '25 filmak emango dituzte datozen egunetan, Baztartxo antzokian. Igandetik asteartera bitartean emango dituzte hiru film horiek: igandeko 17:00etan umeentzako Balea kantariaren kondaira filma eskainiko dute, eta 19:30ean Leones en invierno filma. Asteleheneko 20:00etan emango dute berriz Leones en invierno, eta asteartean, Matadeixe Zinetogram taldeak antolatutako zineforum saioa izango da 20:00etan Kontinental '25 filmarekin.

Leones en invierno filmean, polizia infiltratu batek neska gazte bat harrapatuko du, eta hark ihes egiten duenean, biktima horren gurasoen bizitza erabat hondoratuko da. Tragedia horrek, ordea, aitaren barne bortizkeria piztuko du. Justizia eske eta ustelkeria sare baten aurka borrokatuz, muga guztiak gaindituko ditu aitak, ezer galtzeko ez duen aita bat baino beldurgarriagorik ez dagoela erakutsiz.

Haurrentzako Balea kantariaren kondaira filmak, bestalde, umezurtz geratutako Vincent balea konkordun gaztearen gorabeherak kontatuko ditu. Ozeanoak bere kantu magikoaz babesten zituen azken balea kantariaren semea izanik, gurasoak galtzeak eragindako oinazea jasango du Vincentek, eta bere gaitasunak zalantzan jarriko ditu.

Kontinental '25 filmaren zineforum saioa ere izango da asteartean. Transilvaniako Cluj hiriko udaltzaina da Orsolya, eta hiriguneko eraikin baten sotoan bizi den etxegabe baten kaleratzea gauzatu beharko du, eraikin hori luxuzko hotel bihurtu behar baitute. Ustekabeko gertaera batek, ordea, bere kontraesan propioen aurrean jarriko du bat-batean, eta krisi moral sakon bat piztuko zaio.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide