Jose Luis Arrieta azkoitiarrak Azkoitiko baserriak liburua kaleratuko du datorren urtean, eta herriko baserri guztiei lekua egin nahi die lan horretan. Hain zuzen, ahalik eta baserri gehienen irudiak bildu nahi ditu azkoitiarrak liburua osatzeko, eta horretarako lan handiena dagoeneko eginda duen arren, herritarren laguntza eskatu du: inork baserrien argazki zaharrik balu, liburuaren autoreari berari bidaltzeko eskatu du Arrietak.
Arrietaren arabera, tamaina handikoa eta guztiz grafikoa izango da herriko baserrien inguruko lana, eta ahal den neurrian, baserrien lehengo argazkiak erabili nahi ditu liburua ilustratzeko. Adierazi du argazki asko berak "aspaldi" ateratakoak direla, baina jakin badaki gaur egun horietako zenbait eraikin goitik behera berrituta edo desagertuta daudela. Era berean, hainbat baserriren argazki "historikoak" baditu Arrietak, baina beste batzuk falta zaizkio, eta horregatik jo du herritarrengana: "Edozein herritarrek baserrien argazki historikoak balitu, mesede handia egingo liguke kopia digitalak bidaliko balizkigu". Hain zuzen, Arrietak azaldu du nahikoa dela argazki originalari argazki bat ateratzea eta irudia honako helbide elektronikora mezu batean bidaltzea: jarrieta@gmail.com. Hori bai, argazkian irudia "garbi" azal dadila eskatu du.
Txikitik handira
Liburuaren autoreak 262 baserri zenbatu ditu Azkoitian, eta horiei guztiei egingo die lekua ontzen ari den lanean. Haren arabera, liburua "ia amaituta" dago dagoeneko, eta azken ukituak emanda, datorren urtearen hasiera aldean argitaratzekotan da. Hori horrela, prozesua ez dadin gehiago luzatu, Arrietak abenduaren 8rako jaso nahiko lituzke herritarren argazkiak.
Mendizaletasunak bultzatuta hasi zen Arrieta herriko baserrien bilduma egiten duela hainbat urte; hasieran, etxean zuten mapa bat oinarri hartuta: "Umetan, mendi buelta egin ondoren, nondik ibili ginen aztertzen genuen eskuz egindako mapa hartan", gogoratu du. Etxeko mapa hura digitalizatu, eta ordenagailuan hasi zen gero herriko mendiak, auzoak, baserriak edota errekak erregistratzen, eta ondoren ekin zion mapa digital hartan baserri bakoitzari zegokion argazkia atxikitzeari.
Azkoitiko baserriei lotutako blog bat sortu zuen gero Interneten, eta azken lan hori oinarri hartuta, Juan Bautista Mendizabal herriko kronista ofizial eta Azkoitiko Udaleko Ondare zinegotziaren eskariz bildu ditu orain Arrietak baserri guztiak liburu batean. Hain zuzen, Mendizabal ari da Arrietaren liburuaren nondik norakoak koordinatzen.