Gizonak hiru punturekin, emakumeak esku hutsik

Andoni Elduaien

Beñat Garmendia, baloiarekin, Txerloian jokatutako lehia batean. (Anaitasuna)

Galtzen hasi arren, Anaitasunaren gizonen taldeak erosotasun handiz hartu du mendean Zumarragako (Gipuzkoa) Urola. Bestalde, emakumeek aurpegia emanda galdu dute Erandion (Bizkaia) sailkapeneko liderraren aurka. 

Gizonek pilatutako hiru puntuekin konformatu behar izan du Anaitasunak asteburuan. Loren Barbadok zuzendutako gizonen taldeak 1-3 irabazi zuen zapatuan, Zumarragako (Gipuzkoa) Mitxel Badiola futbol zelaian. Iñigo Oruesagasti Orue entrenatzaileak zuzendutako emakumeen taldeak, berriz, 3-0 galdu zuen Erandioko Betiko Neskak taldearen aurka, Erandioko (Bizkaia) San Lorenzon.

Hasieratik gailendu zen Anaitasuna jokoan, eta lehen minutuetan aukera bat edo beste ere izan zuten gorritxoek markagailuan aurretik jartzeko. Dena den, Zumarragako taldeak lortu zuen zortzigarren minutuan arratsaldeko lehen gola; atzeko lerroan gorritxoek egindako huts egite baten ondoren egin zuen Urolak bat eta hutsekoa. 

Markagailuan atzetik jarrita ere, Barbadoren taldea ez zen kikildu, eta atsedenaldirako lehia iraultzea lortu zuen Anaitasunak. Ordu erdia bete zenean egin zuen gola Azkoitiko taldeak; Ekai Suduperen pasea baliatuta, Oihan Etxanizek egin zuen banakoa. Bat eta bikoaren gola, berriz, geldikako jokaldi batean lortu zuten gorritxoek, 41. minutuan. Korner jokaldi batean, Julen Aramendiren erdiratzea Unai Perezek baliatu zuen. 

Bigarren zatian, Anaitasunak bereari eutsi zion, eta gainera, hirugarren gola egitea lortu zuten zelairatu eta berehala. Aramendik egin zuen gorritxoen hirugarren gola. 65. minutuan, berriz, epaileak etxeko jokalari bat egotzi zuen, eta Anaitasuna eroso aritu zen hamarren aurka, eta aukera ugari sortu zituzten Barbadorenek gol gehiago egiteko. Urolak ere izan zuen bakarren bat bigarrena lortzeko. 

Ligan beste hiru puntu batuta, sailkapeneko bigarren postuan kokatu da Anaitasuna, Zarautz liderrak baino bi puntu gutxiagorekin –partida bat gutxiago du jokatuta Anaitasunak–. Liga txapelketa alboan utzita, gorritxoak biharko hitzordura begira jarrita dira dagoeneko. 19:00etan hasita, Espainiako Errege Kopako lehen kanporaketa jokatuko dute gorritxoek Alavesen aurka. Igandean, berriz, ligako hurrengo partida jokatuko dute Barbadorenek Txerloian, Urkiren aurka (17:00). 

Liderrarekin, ezin

Emakumeen taldeak, bestalde, Erandioko Betiko Neskak taldearekin neurtu zituen indarrak zapatuan. Erandioko (Bizkaia) taldeak jokatutako sei partidak irabazita iritsi zen Anaitasunaren aurkakora, eta zazpigarrenean ere ez zuen hutsik egin; 3-0 menderatu zuen Bizkaiko talde horrek Iñigo Oruesagasti Orue entrenatzailearen Anaitasuna. 

Markagailuak erakusten duenaren aldean lehia estua jokatu zuten gorritxoek. Ia-ia atsedenaldira arte eutsi zioten Oruerenek liderrari; 42. minutuan egin zuten etxekoek bat eta hutsekoa. Bigarren zatiaren erditik aurrera lortu zituzten, berriz, arratsaldeko bigarren eta hirugarren golak. Esku hutsik itzuli zen taldea puntuei dagokionez, baina liderraren zelaian aurpegia emanda. 

Sailkapeneko zazpigarren postuan da orain Anaitasuna, hamar punturekin. Zapatuan jokatuko dute ligako zortzigarren jardunaldiko partida gorritxoek. Oruerenek Zumaiako jasoko dute zapatuan, Txerloian (16:00). 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide