Garaipen bana Castellokoen aurka

Andoni Elduaien

Domusa Teknik ISBkoak garaipena ospatzen. (Mikel Amenabar 'Otola')

Denboraldiko bigarren garaipenak erdietsi dituzte asteburuan Iraurgi Saskibaloiaren gizon-emakumeek. Bai bata, bai bestea, Castelloko (Herrialde Katalanak) taldeen aurka aritu dira. Behetik gorako bidean dira otsoak. 

Espero eta nahi bezalako asteburua osatu dute Iraurgi Saskibaloiaren lehen bi taldeek. Bai emakumeen Domusa Teknik ISBk, bai gizonen Biele ISBk garaipena lortu dute asteburuan; biek, gainera, Castelloko (Herrialde Katalanak) taldeak hartu dituzte mendean, sailkapeneko azken postuetan diren aurkariak. Zapatuan, Domusa Teknik ISBk 69-52 irabazi zuen Fustecma NBF Castelloren aurka Azkoitiko Elkargunean, eta atzo, igandea, Biele ISBk 74-80, Amics Castello taldearen etxean. 

Asier Larrañagak zuzendutako Domusa Teknik ISBk nagusitasuna erakutsi zuen kantxan hasiera-hasieratik. Bisitariek zailtasun handiak izan zituzten lehiaren hasieran, eta otsoek egoera hori aprobetxatu zuten markagailuan 21-10 aurrea hartzeko. Hala ere, atsedenaldira iritsi aurretik erreakzionatu egin zuten kanpokoek, eta aldeko partziala lortu zuten (16-19), errenta zortzi punturaino murriztuz (37-29).

Atsedenaldiaren ondoren, baina, Larrañagarenek hauspoa hartu zuten berriz, markagailuko aldea berriz ere handitu egin zuten eta (55-45). Fustecma NBF Castello taldeak azken hamar minutuetan saiakerak egin zituen lehia estutzeko, baina otsoek ez zioten aurkariari horretarako aukerarik eman; 14-7ko partzialak partida guztiz erabakita utzi zuen (69-52).

Etxekoen artean Geraldynn Malama Leaupepe izan zen onena, hemezortzi puntu saskiratuta eta beste horrenbeste puntuko balorazioa erdietsita. Ostiralean jokatuko dute seigarren jardunaldiko partida ISBkoek, garaipen bat gehiago duen Recoletas Zamora taldearen kantxan (20:00).

Gizonen bigarrena jarraian

Gizonen Biele ISBk denboraldiko bigarren garaipena lortu zuen jarraian, eta hala, beheko zulotik irteteko arnasa hartu zuen Gorka Atxalandabasoren taldeak (74-80). Lehia estua jokatu zuten, baina Jordan Jermainek hautsi zuen bi taldeen arteko oreka azken minutuetan.

Otsoek hasiera ona egin zuten, 0-8 partzialarekin ekin baitzion lehiari. Lehen laurdenaren azken minutuetan Castellokoen erreakzioa iritsi zen, baina Biele ISBk markagailuko aldeari eutsi zion (15-22). Etxekoek defentsako intentsitate handitu zuen gero, eta saskia defendatzeko lanaren bitartez sendotu ziren haiek. Puntu batera hurbildu zen etxeko taldea aurrena, eta gero, partidako agintea hartu zuten lehen aldiz. Nolanahi ere, partidaren agintea Biele ISBren eskuetara itzuli zen segituan, eta atsedenaldira 36-40 emaitzarekin jo zuten.

Aldageletatik bueltan, etxeko taldeari presioa igartzen zitzaion, eta ISBk une hori baliatu zuen markagailuan zertxobait aldentzeko. Otsoek ez zuten lortu nahi besteko alderik, eta azken jabetzan lortutako hiruko saskiratze bati esker ISBk hiru puntuko aldea lortu (60-63). Azken laurdenean, defentsa gogortu zuten bi taldeek, eta hori hala, saskiratze bakoitzak egundoko garrantzia hartu zuen. Une horretan agertu zen Jordan Jermain; erasoan eta presio handieneko minutuetan Biele ISBren lidergoa hartu du zuen estatubatuarrak. Bere ekarpena erabakigarria izan zen Biele ISBk aldeari eusteko.

Partidako saskiratzailerik onena izan zen Jermain 21 punturekin –22 puntuko balorazioa eskuratu zuen–. Datorren igandean jokatuko dute Biele, ISBkoek seigarren jardunaldiko partida, Class Basquet Sant Antoni taldearen aurka (18:00). Azpeitiko kiroldegian jokatuko dute otsoek sailkapeneko hirugarren aurkako partida. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide