Azkoitiko Gazte Asanbladak (AGA) Elkartasun Jaialdia egin zuen atzo Azkoitiko Gaztetxean. Egun osoko egitaraua prestatu zuten horretarako, goizean hasi eta iluntzera arte luzatu ziren hainbat ekintzarekin.
Goizeko 10:00etan boxeo entrenamenduarekin abiatu zuten eguna. Ondoren, 12:00etan, Gaztetxeen aldeko borroka izeneko hitzaldia izan zen, eta 13:00etan bermuta eskaini zuten musika lagun zutela. Eguerdiko hitzorduen ondoren, 14:30ean elkartu ziren bazkaltzeko.
Arratsaldean ere izan zuten zertaz gozatua. 16:00etan, Kahoot jolasa egin zuten gaztetxean bildutakoen artean, eta egitaraua borobiltzeko, 19:00etan bertso poteoa egin zuten. Dean tabernatik abiatu zuten azken hitzordu hori.
Jaialdiaren bidez, Defentsa Komunitatearen Erresistentzia Kutxa indartzea izan du helburu AGAk. Bildutako baliabide ekonomikoak langileen kontrolpeko espazioak mantentzeko eta indartzeko erabiliko dituzte, baita horien defentsak eragindako gastuei eta presio ekonomikoei aurre egiteko ere.
Azkoitiko Gaztetxea duela zazpi hilabete ireki zuen Gazte Asanbladak, Julio Urkixo etorbideko Lidl zaharraren eraikina okupatu ondoren. Hala ere, taldeak azaldu du espazioa egonkortzeko prozesua ez dagoela oraindik amaituta, eta gaztetxea mantentzea eta haren etorkizuna bermatzea dituztela erronka.
(Argazkiak: Azkoitiko Gazte Asanblada)