Azkoitiko kaleak ilundu eta argitu ditu aldi berean Gau Beltzak, giro misteriotsu eta magikoa sortuz. Aurrenekoz ospatu dute aurten urriaren 31ko festa Azkoitian, eta haur eta gaztetxoak izan dira ekitaldiko protagonista nagusiak.
Mozorroak jantzita, kalabazak eta kandelak eskuan, Ugarteigaran baserriaren inguruan jendetza elkartu da arratsaldean, eta handik abiatu dute kalejira. Bizkargi musika eskolako panderojoleek lagunduta, kaleetan barrena egin dute bidea, Berdura Plazaraino.
Behin plazan, festak beste erritmo bat hartu du. Josune Gorostegik beldurrezko ipuinak kontatu dizkie bildutakoei, eta istorioen ondoren gaztainak banatu dituzte. Iluntasunak, kandelek eta mozorroek giro berezia sortu dute plazan.
Ospakizunaren azken txanpan, parte hartzaileek beren beldurrak idatzi dituzte paperetan, eta sutara bota dituzte ondoren. Erritu horrekin eman diote amaiera Gau Beltzari, beldurrei agur esan eta lehen aldiz ospatutako festa giro magikoan itxiz.