Sarek aurrerapausoak eskatu ditu euskal presoen auziaren konponbidean

Iraia Oteiza

Sare Herritarraren atzoko elkarretaratzea, plazan. (Sare)

Urriko azken ostiraleko elkarretaratzea egin zuen atzo Sare Herritarrak Azkoitiko plazan. Besteak beste, azken asteetan presoen auzian hartutako zenbait erabaki salatu zituen.

Sare Herritarrak elkarretaratzea egin zuen atzo, ostirala, Azkoitiko plazan, urriko azken ostirala zela eta. Euskal presoen, iheslarien eta deportatuen auziaren konponbidea aldarrikatu zuten, Euskal Herriko beste hainbat herri eta auzotan egin bezala.

Azken asteetan presoen auzian hartutako zenbait erabaki izan zituzten hizpide. ETAk bere jarduera eten zuela hamabost urte bete direnean, "anakronikotzat" jo zituzten "azken asteetan jasotako errekurtso eta erregresioak". Era berean, Sare Herritarrak eta Etxeratek "konponbidearen eta bakearen alde lanean" jarraituko dutela azaldu zuten.

Espainiako eta Frantziako estatuetako administrazioei ere zuzendu zitzaizkien, eta "arduraz jokatzeko" eskatu zieten. "Aurrerapausuen garaia da, eta ez iraganeko agertokiak elikatzekoa", adierazi zuten. Horrez gain, "euskal preso, iheslari eta deportatuen auziaren konponbidean fokua jarriko duten instituzioen beharra" aldarrikatu zuten.

Datozen hilabeteetan mobilizatzen jarraituko dutela azaldu zuten, eta urtarrilaren 9an Bilbon egingo duten manifestazio nazionala ere izan zuten gogoan. "Helmuga diogunean, sufrimendua gainditu eta euskal preso, iheslari eta deportaturik gabeko Euskal Herria eskuratzeaz ari gara", esan zuten.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide