Dozenaka lagun bildu ziren atzo, ostiralez, Azkoitiko Elkargunean Mamen Etxanizen Transpirenaika hitzaldia entzuteko. Anaitasuna mendi bazkunak antolatutako saioan, Etxanizek iaz Pirinioetan barrena bakarrik egindako zeharkaldiaren nondik norakoak azaldu zituen, bideo baten laguntzaz, eta ibilbidean bizitako hainbat pasadizo eta esperientzia partekatu zituen entzuleekin.
Etxanizek GR10 ibilbidea osatu zuen 2025eko udan. Ekainaren 5ean abiatu zen Banyulsetik (Okzitania), Mediterraneo aldetik, eta uztailaren 18an iritsi zen Hendaiara (Lapurdi). 45 eguneko ibilbidean Pirinioak alderik alde zeharkatu zituen bakarrik, nahiz eta bidean beste hainbat mendizalerekin topo egin zuen.
Hitzaldian, ibilbidea prestatzeko eta antolatzeko moduaz ez ezik, bidean aurkitutako paisaiez, pertsonez eta bizitako une gogoangarriez ere aritu zen Etxaniz. Besteak beste, eguneroko etapak norberaren gaitasunetara egokitzearen garrantziaz eta mendian beti ikasten jarraitzeko beharraz jardun zuen.