Hasi dituzte Gau Beltzerako prestaketak

Iraia Oteiza

Mozorroak egiteko eta kalabazak husteko tailerra egin zuten atzo Azoka Plazan, eta gaur arratsaldean beste saio bat egingo dute. Bihar, larunbata, ospatuko dute Gau Beltza herrian, lehen aldiz.

Azkoitian hasi dira Gau Beltzerako prestatzen. Atzo arratsaldean egin zuten ospakizunaren bueltako lehen ekintzetako bat: Gau Beltzerako mozorroak egiteko eta kalabazak husteko tailerra, Azoka Plazan. 5 eta 12 urte arteko umeei zuzendutako saioa izan zen.

Trapu zaharrak eta bestelako materialak baliatuta, Gau Beltzerako mozorroak prestatzen aritu ziren haurrak, eta ospakizunarekin lotutako ohituretako bat ere landu zuten: kalabazak hustea eta apaintzea.

Atzokoarekin, ordea, ez dira amaitu prestaketa lanak. Gaur arratsaldean beste saio bat egingo dute Azoka Plazan, 17:30etik 19:30era, eta haurrek berriz izango dute mozorroak egiteko eta kalabazak husteko aukera.

Bihar, larunbata, izango da Gau Beltzeko hitzordu nagusia. 18:15ean abiatuko da kalejira Ugarteigaran baserritik (estali gabeko igerilekuaren ondoan), eta mozorrotuta Azoka Plazaraino joango dira parte hartzaileak. Han jarraituko du egitarauak, ipuin kontaketa, gaztaina banaketa eta beldurrak sutara botatzeko errituarekin.

Hona hemen egitaraua, osorik: 

Gaur, ostirala:

  • 17:30-19:30. Gau Beltzerako mozorroa egiteko eta kalabazak husteko tailerra, Berdura Plazan, 5-12 urteko umeentzat.

Bihar, zapatua, Gau Beltza:

  • 18:15. Kalejira Ugarteigaran baserritik (estali gabeko igerilekuaren ondoan) Berdura plazara mozorrotuta, Bizkargi musika eskolako panderojoleekin.
  • 19:00. Ipuin kontaketa Berdura plazan, Josune Gorostegiren eskutik.
  • Ondoren, gaztaina banaketa eta beldurrak sutara.

Erlazionatuak

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide